Bertsozale Elkarteak, Euskadiko Kutxaren laguntza eta babesarekin ekimen bat sortu du. Luberri bertso lurra berritzen. Gaur egungo plazen mugimenduari begirada bat emanik, azken urteetan, orokorrean, bertso-saio kopurua mantendu edo goraka joan da. Bertso-saio gehiago antolatzen dira, besteak beste, formato ezberdinak ere sortu direlako. Baina, aldi berean, tradizioa zuten herri batzuetako bertso-saioak laguntza bat behar dutela ohartu gara. Bakar batzuetan ez dira antolatu eta beste batzuetan zailtasunak izan dituzte
Helburuak
Bertsolaritza sendotze eta iraunkortze bidean, Bertsozale Elkarteak, Euskadiko Kutxarekin elkar-lanean, bertso-saioak errekuperatzeko programa bat abian jarriko du. Lanku zerbitzuak herrietako bertsozaleekin, zuzenean, harremana bilatu du, laguntza eskaini aldera. Horrela, helburu bakarra ez da bertso-saioak bideratzea: tokian tokiko bertso-eskola edo bertsozaleek saioen nondik norakoen martxa hartu eta herri bakoitzean txertatzea, baizik, bertso-saioak bertako izaerara egokitzeaz aparte. Finean, aurten antolatzeaz gain, datozen urteetan ere antolatzen jarraitzea da sakoneko nahia.
Jaialdi eta bertso-afariak
Guztira 30 bertso-saio antolatuko dira: Jaialdiak gehienak baina baita bertso-afariak ere. Urrian jarriko da ekimen berri hau abian eta martxoan amaituko da. Euskal Herri osora zabalduko da lehenago egiten ziren saioak berriro antolatu. Bizkaia eta Gipuzkoan 9 bertso-saio berreskuratuko dira, Nafarroan 5, Araban beste 5 eta Iparraldean 2 bertso-saio.
Bertso-saioak antolatzeko zailtasunak dituzten herriak zein diren jakiteko informazioa Xenpelar Dokumentazio Zentrutik jaso da.
Euskadiko Kutxak finantzazioaren zati bat jarriko du, gainontzekoa, herriak berak. Azpimarratu behar da hau izango dela Euskadi Kutxa eta Bertsozale Elkartearen, nazio mailako, lehen elkar-lana.
Lehen saioa
Lehenengo saioa Agurainen izango da urriaren 2an. Bertso-bazkari hau Merino jatetxean izango da eguerdiko 14:30ean. Bertsolariak Iñaki Murua, Sustrai Colina, Iñaki Gurrutxaga eta Ruben Sanchez izango dira. Gai-jartzailea Naroa Sasieta izango da.
Herri hauetan ere Luberri programa barruan bertso-saioak antolatuko dira: Orio, Itsasondo, Soraluze, Ispaster, Elorrio, Etxebarria, Orozko, Elizondo, Etxarri, Sunbilla, Gasteiz, Araia, Legutio, Laudio, Aiherra...
Erantzun
Sartu