Zinemaldiari buruzkoak amaitzeko, balantze moduko bat egiteko eskatu didate. Ez daukat goitik beherako balorazio orokorrik emateko ezagupenik, baina iritzi soil batzuk emango ditut. Gaur, epaimahaiaren erabakiaz; hurrengoan, gogorik eta astirik edukiz gero, euskararen tokiaz eta ospetsuen presentziaz (glamour delakoaz).
Palmaresa deitu ohi den hori darabilte denek hitzetik hortzera. Niri, egia esanda, arte-lanei puntuak ematea eta batzuk besteen aurretik ipintzea ez zait inoiz gustatu, baina, hartara jarri garenez, hitz egin dezagun horretaz guk ere. Kritikari guztiek diote oro har ados daudela, eta ondoren nork bere ñabardurak egiten ditu; ez da gutxi, ñabardurarik gabeko adostasuna harrigarria baino gehiago kezkagarria izango bailitzateke. Eta jokoan sartu garenez gero, neure ñabardurak ere eman beharko ditut.
Gogoangarriena, kurdua
Sariekin konforme, esan bezala. Film konprometitu eta zirraragarriak ikusi ditugu batez ere sail ofizialean, eta horien artean gogoangarriena kurdua izan da (Dortokek ere hegan badakite), gizatasunez gainezka, batetik, eta zinemaren erritmoan maisu, bestetik. Nine songs aspergarri samarra zela aho batez esan genuen guztiok, baina irudien ederra ere aipatu genuen batzuek, eta ez dago gaizki beraz argazki-saria. Beste horrenbeste esan liteke film txinarraz: ekarpenik eta arriskurik gabeko pelikula da Emakume ezezagun baten gutuna, baina perfekzio teknikoa eta dotorezia azpimarratu genizkion Xu Jinglei zuzendariari.
Penarik ez film hispanoengatik
Saririk ez duten batzuek ematen dute zeresana. Nire kasuan, batere penarik ez film hispanoengatik: argentinarrak ez dira luzitu nire ustez, Sorinek betikoa errepikatu baitu eta Aristarainek film goxo baina melenga samarra egin, pantailetan ondo funtzionatuko duena, hala ere. (Bide batez, eta gaizto jarrita, bitxia ere bada Gara-ko kritikaria protestan ibiltzea hispanoen bazterketa hau dela-eta). Horas de luz espainiarrari sariren bat eman baliote poztuko nintzen, ausardia behar baitu gaurko Espainian kartzeletako infernua salatzeko. Ikusteko gomendatuko nuke. Eta dudarik gabe gomendatuko nukeen bestea, John Sayles-en Silver City, Bushen kontrako propagandatik harago ere egundoko pelikula.
Vargas Llosa: artea interes politikoen gainetik
Amaitzeko, pare bat hitz egin behar Vargas Llosaren alde, gure artean egundoko erretolika ibili baita epaimahaiburuaren kontra, bere iritzi eskuindarrak direla-eta. Erabakietan zenbaterainoko eragina izan duen jakin gabe ere, Mario Vargas Llosa ezer baino lehen den idazle handia geratu da agerian, interes politikoen gainetik artearen egiazko balioak hartu baitituzte aintzat.
Erantzun
Sartu