Teknologia albisteak

Amerikaren ustela

Erabiltzailearen aurpegia
Xabier Mendiguren Elizegi - Egunen harian blogetik
2004-09-23 : 18:09

Ipar eta Hego Amerikako film bana ikusi ditugu ostegunean sail ofizialean, Zinemaldia amaierara hurbilduz doala: John Sayles estatubatuarraren "Silver City" (orain arte erakutsi diren guztietan biribilena) eta Victor Gaviria kolonbiarraren "Sumas y restas".

Hau ez da Hollywood

Hau ez da Hollywood

AEBetako zinema independientea deitu ohi dugun horren eredu bikainenetakoa dugu Sayles: Hollywood-ekoak bezain egikera akasgabea dute bere filmek, goi mailako aktoreak ere bai askotan, baina gidoia askoz sendoagoa izaten dute, gaia mamitsuagoa eta ikusleak ez gaituzte ergeltzat hartzen. Zinema independientea barik, zinema inteligentea deitzea ere balegoke beraz.

Ezaugarri horiek guztiak ditu Silver City eder honek. Coloradon gobernadorea hautatzeko hauteskundeak egin behar dituzte, eta Dickie Pilager da faboritoa: estatuko senatariaren semea, korporazio ahaltsuen txotxongiloa, bera lerdo samarra izan arren komunikazio-arduradun makiavelikoa daukana. Saylesek nahita azpimarratu ditu George W. Bushekiko antzak, hura boteretik kentzeko kanpainaren barruan sartuz film hau, Michael Moore fikziogile baten moduan.

Gorpu bat Amerikaren armairuan

Propagandatik harago doa filma ordea. Hildako bat agertzen da bat-batean hautagaia spot bat grabatzen ari zen lakuan, eta, aurkarien jukutria ote den beldurrez, prentsa-buruak ikerlari bat kontratatuko du, Danny O'Brien, pixkana istorioaren ardatza hartzen duena: idealen eta pragmatismoaren artean zalantzan dabil, bere bizitzarekin zer egin ez dakiela. Hildako misteriotsuaren kasuan aztarrika hasi eta kontu ilunak agertu ahala, zuhurtziak eta nagusiek geldirik egoteko agindu arren, aurrera segituko du.

Satira politikoa eta thriller-a uztartzen dituen istorio sendoa, horrenbestez. Sarietarako faboritorik eman beharko balitz (eta biharkoak ikusteko zain), honexen alde egingo nuke nik, Vargas Llosa jaunak zuzendutako epaimahaiak zer erabakiko duen ez dakit baina. Sariak sari, areto komertzialetan ere erakutsiko da seguru asko, eta beldurrik gabe aholkatzeko modukoa da.

Kokaren paradisuan

Medellínera garamatza bigarren filmak, 80ko hamarkadan kokainaren negozioaren erdiguneetako bat izandako hirira. Eraikuntzako negozio-gizon gazte bat da Santiago, ikasia, familia onekoa, legala. Apurka, baina, lagunek zirikatuta, diru-arazoek behartuta eta etxe barruko asperdurak eramanda, trafikatzaileekin harremanetan hasiko da.

Victor Gaviria zuzendariak erakutsia zuen lehen ere Kolonbiako errealitate gordina gupidarik gabe erretratatzeko gaitasuna, kaleko umeen munduan kokatutako "La vendedora de rosas" lazgarrian, adibidez. Sumas y restas honek baditu film harekin loturak: miseria eta bortxa giroa agertzeko joera, kaleko egiazko hizkera jasotzekoa (hemengo ikusle normalak ezer ez ulertzeraino: ingelesezko azpitituluei esker jarraitu behar solasak), baina ez du bestearen lirika basati hura: etxe oneko mutilak kokaren capo eta matoien alboan egiten duen kontrasteari zukua ateratzen dio Gaviriak, eta asmatzen du ikusleari ondoez moduko bat eragiten, baina hortik aurrera emozio berezirik ez, nire ustez.

Erantzun

Sartu