Teknologia albisteak

Igandeko filmak (I): Nine songs

Erabiltzailearen aurpegia
Xabier Mendiguren Elizegi - Egunen harian bloga
2004-09-19 : 18:09

Michael Winterbottom zinemagile britainiarrak film harrigarri bat ekarri du Donostiako Zinemaldira: Nine Songs , sailkatzen zaila den pelikula, rock kontzertuetako emanaldien eta bikote baten sexu-bizitzaren irudien tartekatze bat.

Sex, Drugs (?) and Rock'n'Roll

Sex, Drugs (?) and Rock'n'Roll

80ko hamarkada hasieran asmatu zuen Ian Duryk "Sex and Drugs and Rock'n'Roll" abestia, gaur lelo hori betidanikoa iruditzen zaigun arren. Film batzuk ere eman ditu Rockak, gehiegi eta oro har nabarmenegiak izan ez badira ere. Hemendik aurrera Winterbottom-en hau gehituko zaio zerrendari, eslogan horren bi heren oparo eskaintzen baitizkigu, baita hirugarrenaren printza batzuk ere, esnifatze batzuk direla medio.

Batetik, esan bezala, rock kontzertuetako zatiak, bere soinu zikinarekin eta jendearen berotasunarekin; talde mordoxka ageri da (bederatzi?), bakoitzak abesti bat jotzen duela: The Von Bondies, Elbow, Primal Scream, The Dandy Warhols, Super Furry Animals, Black Rebel Motorcycle Club... Kontzertu horietako ikusle dira Lisa eta Matt, jendetzaren artean sumatuko ditugu uneren batean.

Bestetik, Lisa eta Matt horiexek dauzkagu, neska-mutilak, txortan. Hitz gordina iruditzen bazaizue ere, halaxe da: irudiak guztiz errealak dira, eta hori da berezitasunetako bat: ez daukate erotismo soft-aren edulkoraziorik, ez porno hutsaren genitalekiko obsesiorik. Narutaltasun itxura bat emanez filmatua, eta egiten dutena ere sexu natural samarra dela esan liteke, hots, ez dagoela perbertsio arrarorik edo. Horretan ari dira eta horretan erakusten dizkigu kamerak. Eta kitto.

Eta filmak zer du besterik? Ezer gutxi. Txortaldien artean, bikotea berriketa hutsalean edo eguneroko gauzetan arituko da: hortzak garbitzen, kafea prestatzen, bizarra mozten, noizbait autoz bidaiatxo bat egiten... Solasaldi urri horiei esker jakingo dugu neska amerikarra dela, eta hara bueltatzekoa dela. Baina ez dago inolako istoriorik: ez nola ezagutu zuten elkar, ez gelatik kanpoko beren bizitzaren berri, ez bakoitzaren izaeraz ia ezer ere.

Aukera harrigarria

Winterbottom zuzendari harrigarria zela bagenekien lehendik ere. Nik "In this World" txundigarri eta lazgarriaren bitartez ezagutu nuen, eta han garbi erakusten zuen bere maisutasuna, batetik, eta generoen nahasketa (dokumentala eta fikzioa), bestetik.

Hemen ere agerian dago maisutasun hori: eszenak edertasun handiz filmatuak daude, argazkiaren erabilera zoragarria da, musikaren hautaketa bikaina da (rock abestien hitzek bikotearen historiaren ordezko modukoa egiten dutela esan liteke, eta oheko zeretan piano-pasarte lirikoek kontrapuntu indartsua sortzen dute)... Narraziorik batere ez izatea da filmean gustatu ez zaidana: ez istoriorik, ez pertsonaien bilakaerarik, ez antzekorik, baina argi dago zuzendariaren aukera izan dela hori, zergatik ez dakidala.

Antartika

Badu film honek beste elementu bitxi bat ere, orain arte aipatu ez dudana: musika-kontzertu eta larru-jotzeez gainera, Antartikako irudiak ageri dira, kontrastea eginez: Matt hara joan da lanera, nonbait, Lisak alde egin eta gero. Joseba Sarrionandiaren "Lagun izoztua" oroitarazten dute kontinente izoztuko irudiek, eta iurretarraren nobelan bezala metafora ireki bat bezala geratzen zaigu ikusleei: lehengo kolore gorri eta nabarren ordez dena da hemen zuri, zarataren ordez oro isiltasun, beroaren lekuan guztia hotz, jendetza barik mortu huts...

Erantzun

Sartu