Teknologia albisteak

Idazle eskola ikasturte berria hasteko prest

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu - www.idazleak.org
2004-09-15 : 12:09

Euskal Idazleen Elkarteak, Bergarako UNED ikastetxearekin eta Eusko Ikaskuntzako Asmoz fundazioarekin elkarlanean antolatutako idazle eskolak urriaren 16an hasiko du ikasturtea, bai lehenengo mailan eta bai bigarren mailan. Izen ematea irailaren 1etik 30era bitartean irekiko da.

Helburuak:

  • Ikasleak euskaraz edozein testu-mota idazteko gaitzea, dela idazketa literarioa, dela idazketa profesionala. Horretarako ikasketak praktikoak izango dira. Hasiera hasieratik ikaslearen gaitasunetik abiarazi eta helburu duten idazketa-motara joko dute.
  • Idazketa sortzailerako baliabideak ematea ikasleari. Itzulpena eta imitazioa ariketa mailan erabiliko bada ere, idazketa arautu batetarako bideak jarriko dira.
  • Idazle hauen lanekin zanbait arlo euskalduntzeko bidea abiaraztea.
  • Euskal Irakurlearen egoera erreala kontutan hartuko duen idazketa bultzatzea.

Idazle Eskolak bi idazketa mota landuko ditu:

  • Idazketa literarioa
  • Idazketa profesionala -lan-arloko zein ikasketa-arloko idazketa, alegia-.

Iraupena eta ebaluazioa

Guztira 300 orduko iraupena du bi ikasturtetan. Ikasturte bakoitza 150 ordukoa izango da.

  • Lehenengo ikasturtean 120 ikastordu burutuko dira (larunbatean, Bergarako UNEDeko ikastetxe elkartuan) eta beste 30 ordu telematiko izango dira.
  • Bigarren ikasturtean 100 ordu presentzial izango dira eta 50 ordu telematiko.

Ebaluazioa jarraitua izango da eta urtean zehar egindako praktiketan oinarrituko da.

Ikastorduak larunbatetan izango dira, goizeko 9:00etatik 13:30era, Bergarako UNEDeko Ikastetxe Elkartuan.

  • Hasiera data:
    • 1. maila: Urriaren 16an
    • 2. maila: Urriaren 16an
  • Bukaera data:
    • 1. maila: Maiatzaren 28an
    • 2. maila: Ekainaren 4an

Izen-ematea eta matrikulazioa

Ikastaroan matrikulatu ahal izateko beharrezkoa da inskripzio inprimakia betetzea eta kurrikulum labur bat bidaltzea (gehienez 2 orri). www.idazleak.org webgunearen bitartez egin daiteke izen ematea. 1.200 euro dira ikasturte bakoitzeko.

Hartzaileak:

Hartzaileak lizentziatuak edo diplomatuak izan behar dute. Hala ere, bere lan-baldintzak medio idazketa lanean aritu denik ere onartu ahal izango da:

  • Idazteko eta irakurtzeko zaletasuna dakarrena
  • Hizkuntza-gaitasun handikoa
  • Euskaraz beste edozein arlotan ondo moldatzen dena
  • Bere ikasketa profesionalak euskaraz egin ez dituena, edo egin baditu ere, bete behar duen lanerako behar adinako prestakuntzarik ez duena
  • Euskal irakurlearen profila hobeto ezagutu nahi duena

Idazle Eskolaren zenbait ezaugarri:

  • Ikasketak praktikoak izango dira. Hasiera hasieratik ikaslearen gaitasunetik abiarazi eta helburu duten idazketa-motara joko dute.
  • Proposatzen den idazketa sortzailea da. Itzulpena eta imitazioa ariketa mailan erabiliko bada ere, idazketa arautu batetarako bideak jarriko dira.
  • Idazle hauen lanekin zenbait arlo euskalduntzeko bidea abiarazi da. Idazle hauek "eskola" sortu behar dute. Egiten dituzten dokumentuek, baliagarriak diren neurrian, beste batzuentzat ere baliagarri izan behar dute. Kasu batzuetan existitzen den tradizioa ezagutu beharko da eta beste batzuetan existitzen ez dena sortu.
  • Hartzaile-irakurle erreala kontutan hartuta egindako idazketa bat du helburu. Beraz, Idazle Eskolak zuzentasun gramatikalaz haratago, hartzailearen ulergarritasun maila ere hartuko du kontutan. Honela, Idazle Eskolak Erretorikak bere sorreratik duen helburuari heltzen dio: entzule/irakurlea testuari atxikirik eusteari.

Metodologia eta eskolaren programa osoa www.idazleak.org webgunean eskuratu daiteke.

Erantzun

Sartu