Teknologia albisteak

Euskal PEN Klubak ofizialtasuna lortu du

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2004-09-10 : 12:09

Apirilean egin zen Euskal PEN Klubaren Sortze-Batzarra. Hainbat idazle, kazetari, entsegugile eta kantagile dira Klubeko kide. Egunotan, irailaren 5etik 13ra, Norvegiako Tromso hirian egiten ari den Nazioarteko Pen Klubaren 70. mundu batzarrean lortu du ofizialtasuna Euskal PEN Klubak.

Euskal PEN Klubeko Laura Mintegi eta Joxemari Iturralde Nazioarteko Pen Klubaren 70. mundu batzarrean dira. Katalanek eta ingelesek egin zuten Euskal PEN Klubaren aurkezpena; Galiziako, Espainiako eta Iberoamerikako Federazioko PEN klubek ere babesa eman diote Euskal PEN Klubaren ofizialtasunari.

Euskal PEN Klubarekin batera, Guatemala eta Kosovoko taldeek ere eskuratu dute ofizialtasuna. 2005eko batzarra Bled-en egingo da (Eslovenia), ekainaren 14tik 21a arte.

Apirilean sortua

Apirilaren 23an egin zen Euskal PEN Klubaren Sortze-Batzarra. 35 idazle, kazetari, entsegugile eta kantagile ziren orduan PENkide. Euskal PEN Klubak euskaraz ari diren idazle, kazetari, gidoigile edo kantagileei gonbita egiten die proiektuan parte hartzeko.

Bazkide izateko, alde batetik, kuota bat ordaindu behar da. Bestetik, Nazioarteko PEN klubaren gutuna onartu behar da.

International PEN

Gobernutik Kanpoko Erakundea da eta UNESCOrekin kontsultarako harreman informalak ditu. Zentroek osatzen dute PEN erakundea. Zentro bakoitzak beraren kideak ordezkatzen ditu, ez ordea, bere herrialdea. Kualifikatutako edozein idazlek dauka kidea izateko aukera, nazionalitatea, arraza, kolorea edo erlijioa edozein direla ere. Zentro bakoitzak ezartzen ditu kide izan ahal izateko baldintzak, horretarako autonomoa delarik.

  • Helburua: International PENek, mundu zabaleko idazleen elkarteak, leku guztietako idazleen arteko adiskidantza eta adimen-lankidetza sustatzea du helburu, kideek edozein ikuspuntu politiko edo bestelakoa dutela ere.
  • Jomugak: jomugak dira adierazpen askatasunaren alde borrokatzea, eta erregimen zapaltzaileak –eskuin muturrekoak zein ezker muturrekoak izanda ere– pairatzen dituzten idazleak irmoki defendatzea. PEN politikoki independentea da guztiz.

Euskal Pen Klubaren eta International PENen gaineko informazio gehiago dokumentu honetan:

Erantzun

Sartu