Nazioarteko 60 zientzialarik, goi mailakoak denak, erabaki dute Blade Runner filma dela inoizko filmik onena zientzia fikziozkoen (ZF) artean. Bigarren geratu da 2001: Espazio Odisea, eta hirugarren Izarretako Gerra.
Zein dira inoizko hamar filmik onenak zientzia fikzioaren esparruan? Galdera hori egin zitzaien 60 zientzialariri, berauek munduko eraginkorrenetarikoak, eta hauxe izan da sailkapena, haien iritziz:
Zientzialarien sailkapena
- Blade Runner (1982) Zuz: Ridley Scott. Rick Deckard polizia (Harrison Ford) lau humanoide klonikoren bila dabil Los Angeles hiri harrigarrian. Film hau oinarriturik dago Philip K. Dick-en istorio labur batean. Musika, berriz, Vangelisek ezarri zion.
- 2001: Espazio Odisea Bat (1968) Zuz: Stanley Kubrick. Zuzendari amerikarrak Arthur C. Clarke idazlearekin batera idatzi zuen film honen haria, eta sekulako arrakasta izan zuen mundu osoan. Sailkapen honetan, 2001ek botu gutxigatik ez du irabazi.
- Izarretako Gerra (1977) Zuz: George Lucas. Film honek, eta beronen atzetik etorri ziren ondorengoek, sekulako arrakasta izan zuten, merkaturatu ere ordura arte beste inork bezala merkaturatu baitziren: filmaz gain, jostailuak, jolasak, arropak eta halakoak.
- Alien (1979) Zuz: Ridley Scott. Ellen Ripley heroi emakumezkoa (Sigourney Weaver) aurkitu genuen film honetan, non zuzendariak set itogarriak erabili baitzituen istorioa girotzeko.
- Solaris (1972) Zuz: Andrei Tarkovsky. Steven Soderbergh-ek remake bat egin zuen 2002an, baina oraindik ere film originalak izugarri erakartzen ditu zaleak.
- Terminator (1984) Zuz: James Cameron. Arnold Schwarzenegger cyborg bat da eta 2029tik 1980ra egiten du jauzi, etorkizuneko matxino baten ama hiltzera.
- Lurra geldirik egon zen eguna (1951) Zuz: Robert Wise. Gerraosteko AEBetan txapel hegalari batek lur hartzen du Washington hiriburuan, eta handik lurraz kanpoko izaki bat irteten da, errobot batek lagunduta.
- Munduen arteko gerra (1953) Zuz: Byron Haskin. Oinarrituta dago H. G. Wellsen eleberrian, non martetarrek inbaditzen duten Lurra. Aurretik, Orson Wells gazteak egokitu irratirako eta majo astindu zituen bazterrak, jende mordoa ikaratan utziz.
- The Matrix (1999) Zuz: Andy & Larry Wachowski. Filosofia halamoduzkoa, arropa ikusgarriak eta efektu berezi harrigarriak uztartu zituen film honek, eta hor ikusten da nola adimen artifizialak mendean hartzen duen gure planeta.
- Hirugarren Mailako Topaketa Hurbilak (1977) Zuz: Steven Spielberg. Ez gaude bakarrik, esaten zuen poster batek Richard Dreyfus-en etxean. Lurrez kanpoko bisitariak, gobernuaren agentzia sekretuzaleak eta melodia ahaztezina.
Hau, bistan da, 60 zientzialariren iritzia baino ez da. Baliteke zuk, irakurle, beste iritziren bat izatea. Horrela bada, esaiguzu zein diren zure ZF filmik gogokoenak, eta zergatik.
Iban Zaldua zientzia fikzioaz
Goikoaz gain, zientzia fikziozale euskaldunak gustura irakurriko du Iban Zaldua idazleak Hegats aldizkariaren 32. zenbakian idatzi duen artikulua: Zenbait Gogoeta Zientzia Fikzioaren Inguruan.
Artikulua erabatekoa da, ondo idatzi eta dokumentatua, eta bertan idazle donostiarrak azaltzen ditu zientzia fikzioaren bilakaera munduan zehar eta baita euskal letretan ere. Oso gomendagarria.
Erantzun
Sartu