Teknologia albisteak

Zertarako den ona RSS

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2004-07-26 : 12:07

Gero eta jende gehiago ari da RSS erabiltzen argitalpen digitalen harpidetza automatikoak egiteko. Berrikuntza hori aldaketa nabarmenak eragiten ari da ziberkazetaritzan. Baina, zergatik?

Uztailaren 22an eta 23an BlogOn izeneko jardunaldiak egin dira UC Berckeley campusean, San Frantziskon (AEB). Lehenengo aldiz aspaldiko partez, blogegileak elkartu dira, hedabide adituak, enpresarioak eta soziologoak, denak prest hausnarketa egiteko blogen gainean.

Horietako bat izan da J.D. Lasica, ziberkazetari bat, sarri idatzi duena teknologia berriek zer eragin duten gure kulturan. Jardunaldien bezperan, hitzaldi bat eman zuen, zertarako den ona RSS.

Zazpi arrazoi RSSren alde

JD. Lasikak zazpi arrazoi aletu zituen zertarako den ona RSS (Rich Site Summary). RSS da XMLren dialekto bat, eta posible egiten du harpidetzak egitea sareko hedabide eta blog pertsonaletan, albisteak-eta jasotzeko. Horretarako, jakina, hedabideek XML eta RSS erabili beharra dute.

  1. Denbora aurreratzen du. RSSri esker, askoz ere bizkorrago irakurriko dituzu sareko kontuak.
  2. Erosoagoa da. Ez duzu zertan bisitatu webgune guztiak, leiho bakar batean izango dituzu-eta albiste guztiak irakurgai.
  3. Eskura jartzen dizu material gehiago. Baldin eta eratzen baduzu sare zabal bat, non sartzen diren zure lagunak, adituak eta informazio iturriak, aukera izango duzu askoz ere material zabalagoa erabiltzeko.
  4. Arreta jartzen du zeuk nahi duzun informazioan. RSSk ekarriko dizu informazioa soilik zuk aukeratu dituzun gaietan. Beraz, eskainiko dizkizu berriak neurrira, zeuk eskatutakoaren arabera. Kirolzale batek egin lezake harpidetza jasotzeko ahalik eta albiste gehien Frantziako Tourraren gainean. Minbizia duen batek, aldiz, aukera lezake gaixotasun horrekin lotutako informazioa jasotzea.
  5. Balio lezake alerta zerbitzu gisa. Posta elektronikoa erabili barik, nahiago izan dezakezu zure albiste irakurleak 15 minutuoro berriak bidaltzea gai garrantzitsu baten inguruan.
  6. RSSk denok berdintzen gaitu. RSSk denak ezarriko ditu maila berean, The New York Times eta Sustatu, Michael Moore eta Jabi Zabala.
  7. RSSk elkarrizketa eragiten du. RSSk banatzen du era guztietako informazioa munduko bazter guztietara, eta horrek sortzen du beste modu bateko elkarrizketa, etengabekoa.

Erantzun

Sartu