Teknologia albisteak

Euskarazko posta-zerrenden ondarea berreskuratzen Yahootik

Erabiltzailearen aurpegia
Luistxo Fernandez - CodeSyntax
2004-07-20 : 12:07

Euskarazko hiru posta-zerrenda beteranok Yahoo Groups atzean utzi dute azken hilabete hauetan. Software libre eta euskaldunera igaro dira. Eta lehen Yahoon pilatutako milaka mezutako eta dozenaka Megabytetako ondarea berreskuratu dute gainera.

Lehen hiru zerrenda hauek Yahoo Groups-en zeuden. Orain Postaria.com zerbitzuan oinarritzen dira, eta Mailman software euskaratua erabiltzen dute.

  • Eibartarrak zerrenda, Eibar.org elkartearena. Makelist izeneko zerbitzu batean sortu zen, gero eGroups bihurtu zen, eta hura Yahook erosi zuen.
  • Dantzan zerrenda, Dantzan.com gune eta elkarteari lotua. Hau ere eGroups - YahooGroups ibilbidea egindakoa.
  • ItzuL. Euskarazko zerrenda arrakastatsuena seguru aski, EIZIE elkarteak itzultzaileentzat zerbitzu profesional gisa antolatua. Onelist izeneko zerbitzu batean sortu zen 1998an, hura eGroups-ekin batu zen ondoren, eta gero YahooGroups-en egon da urteetan.

Mezuak Yahooren hatzaparretan

Trantsizioa egitea erraza zen. Hartu harpidedunak, gehitu zerrenda berri batera, itxi zaharra, martxan jarri berria, eta kitto. Baina YahooGroups-en pilatutako artxiboak ziren koxka. Mila mezu Dantzan-en kasua, 8.000 Eibartarrak zerrendan, eta 20.000 ItzuL-en. Zer gertatu behar zuen horrekin? Akaso interes gabeko berriketa mordo bat besterik ez da. ItzuL-en baliteke intereseko gauza gehiago egotea, zalantza zaharberriei aspaldi emandako erantzun eta konponbideak, baina 20.000 mezutan bilaketak egiteko aukera handirik ere ez zegoen Yahoo-n...

Ondarea gerorako gorde

Interesa eta erabilgarritasuna zein direla ere, gauza bat argi zegoen: mezu horiek talde bakoitzaren ondarea dira. Eta gaur zukurik ateratzeko aukera handirik ez balego ere, 10 urte barru, auskalo zein tresna edo interes izango ditugun. Adibidez, 1999-2000 tartekoan ItzuL zerrendan pilatutako mezu eta edukiek balio berritua izan dezakete. Etorkizunerako gordetzeko besterik ez bada, nork bere ondarea eskuetan edukitzea inportantea da.

Hartu Yahootik, eta nork berea bere eskuetan

Eta horixe egin dugu. 30.000 bat mila mezu berreskuratu Yahoo-ren artxibo erdi ezkutuetatik, eta 60 Mb-tako mezu mordo bat antolatu. Mezu mordo hori, talde bakoitzaren eskuetan dago orain, .mbox formatu estandarrean. Morokil bat, oraingoz: beharbada ez dago mezu/testu kantitate hori tratatzeko tresnarik esku eskura... baina egongo da, etorkizunean egongo da.

Zerrenda bakoitzaren artxibo berreskuratuari erabilgarritasun gehiago emateko, bakoitzak orain duen artxibo paralelo batean gehitu dugu, Gmane zerbitzu doako eta harrigarrian.

Orain, zerrenda bakoitzaren korpus osoa dago hor:

Bilaketak egin daitezke korpus oso horretan, eta ez dirudi oso santu dabilenik bilatzeko metodoa, baina, tira, bada zerbait.

Etorkizunean, kontrola beti norberak

Era berean, Postariak gordetzen du zerrenda bakoitzaren artxiboa, bakoitza Mailman-ekin hasi zen unetik: Itzul - Eibartarrak - Dantzan. Eta are garrantzitsuagoa, aurrerantzean zein delarik ere zerrenda bakoitzaren ibilbidea, dela Postariarekin edo beste baliabide batzuekin, Postariaren fasean pilatutako mezu-sorta osoa talde bakoitzaren esku dago uneoro (Mailman zerrenda-kudeatzaile guztietan dago aukera hau, ez bakarrik Postarian, artxiboak .mbox formatuan eskuratzeko). Beste trantsizio bat iristen bada, ez da egin beharko alkimiarik Yahootik eduki erdi-giltzapetuak berreskuratzeko. Nork bere edukia kontrolpean, bere jardunean burujabe.

Erantzun

Sartu