Teknologia albisteak

Euskal Encounter informatikazaleen topaketa BEC-en

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu - Sustatu
2004-07-13 : 11:07

Euskal Encounter informatikazaleen jaiaren hamabigarren edizioa egingo da uztailaren 22tik 25era BEC-en. Euskaltel Fundazioak antolatzen du topaketa eta 5.000 lagun espero dituzte. Informatika, diseinua, programazioa eta bideojokoak gustuko dituztenei zuzendua dago jaia.

Dagoeneko 4.600 lagunek izena eman dute eta 2.560 ordenagailu izango dira bertan, iazko edizioan baino bostehun gehiago. BEC erakustazokako Bizkaia Arena pabiloian egingo da topaketa.

Antolatzaileek diotenez, jai hori Espainia osoko artista digitalen erreferentzia nagusi bilakatu da. Euskaltel Fundazioak antolatu du, eta Euskaltelek, BBK-k, Bizkaiko Foru Aldundiak eta SPRIk babesten dute.

Urretxutik Bilbora

Scene izenez ezagutzen den mugimendu kulturalaren barruan sartuta zeudena batzuk Urretxun (Gipuzkoa) bildu ziren 1994ko abuztuan, nazioarteko Scenearen azken ekoizpenetan eguneratzeko eta beren lanak elkarri erakusteko. Ekitaldi hari buruzko berriak Fidonet sarearen bidez zabaldu ziren (egungo Internet erabiltzaileen artean ezarri baino lehen), eta, horri esker, urte hartako abenduan bigarren edizioa egin zen Legazpin.

Tolosan, Donostian eta Gasteizen jaiaren hainbat edizio egin dira, arrazoi teknikoak eta antolaketakoak direla-eta, antolatzaileek ekitaldia Bilbon finkatzeko erabakia hartu dute.

Diseinatzaile, musikari eta programatzaileak

Jai horretan, diseinatzaileek, musikariek eta programatzaileek ahaleginak batzen dituzte arte digitala egiteko, eta ezin susmatuzko erronkak burutzen dituzte ekipoekin. Scener informatikariez gain, sistema eragile guztien erabiltzaileak ikus daitezke; besteak beste, Linux sisteman eta software librean adituak, PCko jokalari aurreratuak eta mota guztietako teknologia eta ordenagailuen zaleak. Eskarmentu txikiena dutenek ere ordenagailuak eramaten dituzte informatikazale onenengandik ikasteko.

Sareko joko ezagunenen torneoak antolatuko dira, baita zuzeneko probak eta sorkuntza-lehiaketak ere hainbat kategoriatan banatuta: 2D eta 3Dko diseinua, audioa eta bideoa. Europako CPLren finala jokatuko da bertan.

Informazio gehiago duzue www.euskal.org webgunean.

Erantzun

Sartu