Teknologia albisteak

"Euskal Herriko 101 Gaztelu" sarean

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2004-07-09 : 10:07

Eusko Jaurlaritzak orain dela urtebete inguru jarri zuen martxan hiru.com webgunea, Etengabeko Ikaskuntzaren ataria. Denbora tarte horretan hainbat produktu berri gehitu ditu, eta azkena Euskal Herriko 101 Gaztelu. Gure herrialdeko gaztelu guztien informazioa sarean.

Gipuzkoako Ikastolen Elkarteak sortutako produktua da Euskal Herriko 101 Gaztelu. Orain arte CDRom-ean kontsultatu behar zen, baina hemendik aurrera sarean ere aurkituko dugu, hiru.com atarian bertan.

Lan horretan Euskal Herrian Erdi Aroan izan ziren gazteluen berri ematen da. Beraien kopapena, historia eta gaur egun duten egoera. Gainera, bertara iristeko bidea ere azaltzen zaigu, eta argazkiak eta irudi panoramikoak (380 Kb) ikusteko aukera ere badugu.

Euskal Herrian gaztelu gutxi dagoela uste dugun arren, 101 gazteluren berri jasoko dugu lan honetan, eta euskal lurralde guztietan aurkituko dugu gazteluren bat. Batzuk oso-osorik, beste asko erdi-jausita edo behea jota, baina denak ere gure historiaren lekuko.

Hiru.com webgunea: Etengabeko Ikaskuntzaren ataria

www.hiru.com webgunea duela urtebete inguru jaio zen. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila da arduraduna, eta helburua Etengabeko Ikaskuntzaren euskal ataria sortzea da. Lehenengo fase honetan material ugari kargatu da, hiru atal nagusitan antolatuta: Gai Nagusiak, Hobeto Bizi eta Aisia.

Lehenengo atalean hezkuntzako ikasgai klasikoak aurkituko ditugu: matematika, filosofia, literatura, fisika, geografia... 13 gai dira guztira. Informazio teorikoaz gain, ariketak ere baditu. Hobeto Bizi atalean gizarte gaiak biltzen dira: Ingurumena, Osasuna, Zerbitzuak...

Hirugarren atalean Musika, Zinea, Bidaiak eta Gastronomia lantzen dira. Albistegia eta erreportaiak ere baditu.

Webgunean bertan esaten denez, atariaren helburua honakoa da: "Hiru.com hezkuntza alorreko ataria sortzeko lehen ahalegina da, eta bere helburua da hezkuntzako zerbitzu publikoak internetetik ematea, bere edukiak doan eskainiz. Atari honen asmoen artean daude, besteak beste, euskal hiritarren prestakuntzarako erreferente bilakatzea eta hiritarrei laguntzea euren jarrera aktiboa eta parte-hartzailea sendotzen."

Epe laburrera begira errokarik nagusiena E-Lea programa abian jartzea da, atarian bertan hizkuntzak ikasteko aukera ematea. Lehenengo fasean, 2004ko udazkenetik aurrera, ingelesa, frantsesa, alemaniera eta italiera ikasi ahal izango dira. Ondoren baita nederlandera eta beste hizkuntzaren bat ere.

Erantzun

Sartu