Elhuyar Fundazioak eta Eusko Jaurlaritzak elkarlanean egindako ikerketa baten emaitza da hori. Proiektuaren ikerketa Berria, Deia, El Diario Vasco, El Correo Español eta Gara egunkariek argitaratu dituzten berrietan oinarritu da.
Elhuyar Fundazioak eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Zientzia Politikarako Zuzendaritzak elkarlanean egindako ikerketa baten arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko egunkariek orrialdeen % 1 besterik ez diete eskaintzen zientzia eta teknologiaren inguruko albisteei.
2003ko azarotik 2004ko apirilera bitartean Berria, Deia, El Diario Vasco, El Correo Español eta Gara egunkariek argitaratu dituzten berrietan oinarritu da ikerketa. Epe horretan, guztira 1.252 zientzia-albiste argitaratu dituzte aipatutako egunkariek, eta guztiak gai-multzo hauetan sailkatu dira: Biziaren Zientziak, Espazioa, Fisika, Kimika eta Matematika, Informatika, Ingurumena, Lurraren Zientziak, Orokorrak, Osasuna eta Teknologia.
Ikerketa honen arabera, egunkari gehienetan Biziaren Zientziak, Espazioa eta Osasuna izan dira tratatu diren gai nagusiak. Atal horietan, egunkarietan oihartzun handia izan duten hainbat gai azpimarra daitezke, besteak beste: Marteri buruzko ikerketa, hegaztien gripea eta zelula amak. Bestalde, oihartzun handiko gaiak izan direnean ere ez dira ugaritu zientzia-albisteak. Marteri buruzko ikerketak, adibidez, beste gai batzuk ordezkatu ditu, eta, beraz, ez da gorakadarik izan abendutik aurrerako artikulu-kopuruan.
Zientzia-albistearen jatorriari buruz, berriz, hona hemen ondorioa: bost albistetik batek egiten dio erreferentzia EAEko zientziari (% 20,85).
Albisteen formatuari dagokionez, gehienak berri-formatuan idatzita daude (% 80,62), baina Euskal Autonomia Erkidegoan egiten den zientziari buruzko berrietan elkarrizketa, erreportaje edo iritzi-artikuluek hartzen dute garrantzia. Hain zuzen ere, kanpoko albisteen % 88,44 argitaratu dira berri-formatuarekin; EAEkoetan, aldiz, % 52,16ri bakarrik eman diete formatu hori. Elkarrizketa-formatuan argitaratutako berrietan, hemengoak dira nagusi. Azkenik, erreportajeetan, erdiak dira hemengo gaiak lantzen dituztenak.
Erantzun
Sartu