Teknologia albisteak

Time aldizkariak blogak aztertu ditu

Erabiltzailearen aurpegia
Joxe Aranzabal
2004-06-15 : 11:06

Zer dela eta gero eta jende gehiagok jasotzen du informazioa blogetan, zaleek egindako webgune horietan? Bizkorrak direlako, dibertigarriak eta erabat lerratuak. Horixe dio Time aldizkariak erreportaje luze batean.

Time aldizkariak erreportaje luze bat argitaratu du, eta hor aztertzen du blogen fenomenoa. Aldizkariak dio azken bost urteotan blogintza igaro dela adituentzako moda iluna izatetik, hedabide handien alternatiba izatera.

Suzko bataioa

Blog hitza (weblog hitzaren kontrakzioa) 1997an sortu zen, izendatzeko webgune bat non idatz ditzakezu eguneroko kontuak edozertaz, askotan zerbait kritikatzen eta loturak eskaintzen beste artikulu batzuetara. Gai asko jorra ditzakete blogek: sexua, futbola, beribilak… Badira blog zenbait blogak berak dituztenak mintzagai.

Kontua da, poliki-poliki jendea konturatu zela blogosferan badela zenbait jende hausnarketa interesgarriak egiten dituena modu jarraian. Hori dela eta, gero eta jende gehiago hasi zen blogak irakurtzen. Ondorioz, hauen eraginak ere gora egin zuen. 1999an hainbat enpresa hasi ziren eskaintzen doako sofwarea blogak egiteko, eta horrek sekulako bultzada eman zion fenomenoari. 2002rako, Pyra Labs enpresak ba omen zituen 970.000 erabiltzaile.

2002an etorri zitzaion suzko bataioa blogintzari. Urte hartako abenduan, Trent Lott Senatuko gehiengoaren liderrak AEBetan, goraipatu egin zituen Strom Thurmond-en joera arrazistak, beronen mendeurrenean. Hedabide handiek ez zioten kasu handirik egin kontu honi. Washingtongo blogile zenbaitek, berriz, jo eta ke kritikatu zuten politikariaren jarrera, harik eta hedabide handien arreta erakarri zuten arte. Egun batzuen buruan, Trent Lott-ek dimisioa aurkeztu zuen.

Joan den apirilaren 21ean, bestalde, Russ Kick Arizonako blogile batek sekulako eztanda eragin zuen kazetaritzaren esparruan, The Memory Hole blogean atera zituenean hilkutxa mordo baten argazkiak, non zeutzan Afganistanen eta Iraken hildako soldadu amerikarrak.

Zergatik eraginkorrak?

Zerk egiten ditu blogak hain eraginkor?, galdetzen du Time aldizkariak. Doakoak direla, freskoak. Ahotsa dute, eta nortasuna. Kaletar arruntaren ahotsa bihurtu omen dira.

Baina, adi —dio aldizkariak—, blogetan aurkituko dituzu idazlanik zorrotz eta inteligenteetako zenbait. Blogek ez dute neutral izan nahi; lerratuak dira argi eta garbi, eta horrek dibertigarriagoak egiten ditu.

Blog ezagunak

Jason gaitzizeneko soldadu batek idatzi zuen justanothersoldier.com blogean nola ibili zen Saddam Husseinen jauregi hustuetan gora eta behera.

Salam Pax irakiarra ere oso famatu egin zen mundu osoan amerikarrak hasi zirenean Bagdad bonbardatzen. Oraintsu liburu bat idatzi du blogean kaleratutako artikuluekin, eta film bat egiteko tratua itxi.

Orain sei urte, Denis Dutton filosofia irakasleak sortu zuen Zeelanda Berrian Arts & Letters Daily izeneko bloga, “jendeak izan zezan egunero non jaso bizkorgarri intelektual bat”. Gaur egun webguneak 100.000 irakurle baino gehiago erakartzen ditu hilero. Hori ikusita, The New York Times egunkaria hasi da probak egiten berak sortutako blogekin.

Blogak izan daitezke komunikabide izugarri onak —dio Time aldizkariak—, baina badute eragozpenik ere. Eta bat aipatzekotan, aipatuko ditugu txutxumutxuak eta zurrumurruak, inolako erantzukizunik gabe zabaltzen direnean.

Beste arrisku bat: bakoitzak irakurtzen baditugu geure gustuko blogak bakarrik, geure aurreiritzi eta iritzietan soilik elikatzen bagara, mundu aparte eta bereziak sor ditzakegu geure inguruetan, komunikaziorik gabeko guneak. Hala ere, gaitz hau blogena ez ezik, beste hedabide askorena ere bada.

Erantzun

Sartu