Iaz kasik 145.000 bisita izan zituen Euskaltzaindiaren webguneak, aurreko urtean halako bi pasatxo. Gehienak sartu ziren hor Onomastikan eta Hiztegi Batuan kontsulta egitera. Webgune akademikoa izaki, bestalde, ikasturtean zehar erabiltzen da gehien.
Bi milagarren urteaz geroztik, sarean da Euskaltzaindia. Horrela dio euskal akademiaren Euskera aldizkariak 48. liburukian. Liburukote mardul horrek hiru orrialde eskaintzen dizkio akademiaren webguneari, 1.111. orrialdetik aurrera. Horko datuei interesgarri iritzita, hona laburbilduko ditugu.
Euskaltzaindia.net, iaz
Euskaltzaindiak aztertu egin du zernolako trafikoa izan zen bere webgunean 2003an, eta ondorio hauetara iritsi da:
- Gero eta jende gehiago sartzen da webgunean: 2001ean, 53.914 bisita izan zituen; 2002an, 67.824; eta iaz, 144.059.
- Gorakadarik nabarmenena udazkenetik aurrera gertatu zen, urrian eta azaroan 20.000 bisita izan zituen-eta webguneak.
- Kontsulta gehien izan dituzten atalak izan dira Onomastika eta Hiztegi Batua, alde handiz gainera.
- Jagonet zerbitzuak ateratzen dio etekinik handiena interaktibitatearen tresnari, zerbitzu horren bitartez, euskara langai dutenen kontsultak eta ekarpenak jaso baitaitezke.
- Webgune akademikoa izaki, ikasturtean zehar erabiltzen da gehien espazio hau.
Kontsulta kopurua, zerbitzuka
Euskaltzaindiak bereiztu egiten ditu kontsulta eta bisita.
- Kontsulta: bisita bat egiterakoan, atal batean edo gehiagotan (Azkue Biblioteka, Jagonet, Onomastika, etab.) egiten den kontsulta.
- Bisita: webgunean sartzen den aldi bakoitza.
Horiek horrela, jarraian ikusiko dugu zer zerbitzu erabili diren gehien Euskaltzaindiaren webgunean:
- Onomastika. 145.782 kontsulta.
- Hiztegi Batua. 142.988 kontsulta.
- Hasierako orria. 90.827 kontsulta.
- Argitalpenak. 47.430 kontsulta.
- Jagonet-en datu basea. 41.753 kontsulta.
- Arauak. 36.470 kontsulta.
- Jagonet-en orri nagusia. 28.121 kontsulta.
- XX. mendeko Corpusa. 15.818 kontsulta.
- Azkue Biblioteka. 3.700 kontsulta.
Erantzun
Sartu