Alemaniako ikertzaile batzuek "Brain Pong" izeneko bideojokoa garatu dute. Bideojokoak gizakiaren pentsamenduekin bakarrik funtzionatzen du. Asmakuntza berri honek agerian uzten du posible dela ordenagailua pentsamenduekin maneiatu edota erabiltzea.
Garuna eta ordenagailua
Ordenagailuen Arkitekturarako eta Software Teknologiarako Fraunhofer Zientzia Institutuak garatu du bideojokoa. Bertako ikerlariek Brain Computer Interface ordenagailuaren eta garunaren arteko interface bat sortu zuten; eta horrek, garunaren aktibitate elektrikoaren analisia egiten du.
"Garunetik datozen kontrol-seinaleak itzultzen ditugu", azaldu du Klaus-Robert Müller, proiektuaren zuzendarietako batek.
Metodoa
Pertsona bakoitzaren pentsamenduen irakurketak muga bat du. Müller-ek dio esperimentuetan pertsonen garunean ez dela zundarik ezarri behar; hau da, ez da metodo "inbaditzailerik" erabili behar.
Metodo "inbaditzaileak" tximinoetan eta arratoietan erabiltzen dira. Ikertzaileek orratzak ezartzen dizkiete animaliei, beren garun-aktibitatea neurtzeko. Baina, gizakietan metodo hori erabiltzearen gaineko segurtasun zalantzak ugariak dira.
Hala ere, Estatu Batuetako Cyberkinetics enpresak boluntarioak bilatzen ari da garunean chip bat ezartzeko. Cyberkinetics enpresaren gaineko albistea Buruan txertatutako txipa ordenagailua pentsamenduarekin erabiltzeko izenburupean argitaratu genuen Sustatun
Berlineko Fraunhofer Institutuko proiektuan parte hartu duten pertsonei ez zaizkie horrelako metodorik aplikatu. Zundak dituzten txanoak jarri behar izan dituzte, 20 minutuko denboran.
Txanoaren metodoarekin, 128 zentsoreren bitartez, modu zehatz batean ezagutu daitezke garun-aktibitateak. Horrela, pertsonak zer egin nahi duen jakiten da. "Norbaitek eskumako besoa altxatu nahi badu, aktibitate igoera nabarmentzen da garunaren ezkerraldean; mila hertz-ekin neurtu dezakegu hori", azaldu du Müller-ek.
Ordenagailuak interferentzia seinale guztiak askatu, asimilatu eta neurtu egiten ditu. Bitartean, esperimentuan parte hartzen ari den pertsonaren arabera, sistemak minutuko 25 eta 37 bits bitartean ematen ditu. Konparazioa eginez, arratoi batek minutuko 300 bits inguru bidaltzen ditu ordenagailura
Garunaren korronteak
Garunaren korronteetan ageri da mugimendu baten ideia eta horregatik funtzionatzen du ordenagailuaren eta garunaren arteko interfaceak. Korronte horiek muskuluek erreakzionatu baino asko lehenago neurtu daitezke.
Interfaceak garuneko korronteen aldaketak ezagutu eta erabili egiten ditu; adibidez, aukeraketa bat egiteko: lehenengo aukera hautatu nahi bada, pertsonak ezkerreko eskua altxatzen duela pentsatu behar du, eta bigarren aukeratu hautatu nahi bada, eskumako eskua altxatzen duela. Horrela, ordenagailura konektatutako aparatuak kontrolatu daitezke pentsamenduaren bidez eta Internet bidezko komunikazioa ere posible litzateke. "Metodo honen zentzuzko erabilera bat izango litzateke pentsamenduekin zuzendutako protesia", dio Müller-ek.
Aplikazioa hainbat esparrutan
Bi edo hiru urte barru, lehenengo mediku ikerketak egin ahal izango dira; esaterako, bizkarrezur-muinean kalteak dituzten gaixoek makinak pentsamenduen bidez kontrolatu ahal izango lituzkete.
Fraunhofer Institutuko ikertzaileek trafikoaren esparrurako ideiak dituzte. Sistemen bitartez autoa prestatuko litzateke atzemateko gidariaren erabakia, aurrera jarraitu edo gelditu, esaterako.
Erantzun
Sartu