Teknologia albisteak

Gure Gauzak S.A.

Erabiltzailearen aurpegia
Iban Zaldua - saltus vasconum
2004-04-21 : 13:04

Ur Apalategiren bigarren nobela da Gure Gauzak S.A. Argitaldari estandarrek nolabait esateko, argitaratu nahi izan ez duten nobela. Egungo euskal literatur sistemaren eta, oro bat, euskal kulturgintzaren erradiografia gupidagabea da, Iban Zalduak Sustatu-ra bidali duen analisian dioenez.

Apirilaren 12an aurkeztu zen Sarako Idazleen Biltzarrean Ur Apalategiren bigarren nobela, Gure Gauzak S.A. (Utriusque Vasconiae argitaletxea, 2004). Eta 20an gauza bera egin du Donostiako Koldo Mitxelena Kulturgunean. Nobela arras interesgarri honen berri emango dugu hemen.

Liburuaren kontrazalak halaxe dio, besteak beste, nobela honen argumentuari buruz: “Julene Oihanburu bere bizitzaren gurutzebide batean aurkitzen da. Euskal filologia ikasketak burutzen ari dela, diru-laguntza politaren erdia jaso du Gure Gauzak argitaletxetik: duela gutxi hil den Gaston Berrizar izeneko idazle kasik ahantziaren biografia idatzi beharko du beste erdiaren truk. Gainera, idazle gisa bere lehen ipuina kaleratu du eta arrakasta izaten ari da. Telebistara gonbidatzen dute, egunkarian zutabea proposatzen... Hitz batean esateko, bere adin gaztean euskal kulturgintzaren mundutxoan norbait izateko bidean da. Baina (...) biografia idazteko prestakuntza lanak, ustekabean, euskal kulturgintzaren alde ezezagun bezain ilunak deskubritzera eramango du Julene”. Eta hauxe da Donostiako aurkezpenean irakurri nuen testua:

Ur Apalategik galdetu zidanean ea bere bigarren nobelaren aurkezpenean parte hartuko ote nuen, ez nuen zalantza askorik egin. Gutxienez lau arrazoiengatik.

Alde batetik –hau kontatu dut inoiz– Urren lehenengo nobela, Gauak eta hiriak, oso inportantea izan zelako niretzat, maila pertsonalean; 1990eko hamarkadako bigarren erdialdeko nobela inportante bat da Gauak eta hiriak, 5. ediziora iritsi dena. Baionan, Udako Euskal Unibertsitateko ikastaroetan egin zuen aurkezpenean izan nuen nik nobelaren berri: antzerki-talde baten laguntzaz egin zuen Urrek aurkezpena, azkeneko nobela honekin bezala bestalde. Niri, muntaia hura guztia asko gustatu zitzaidan, bizigarria iruditu zitzaidan, eta, gero, batez ere, Urren presentzia eta segurtasunak harritu ninduten: nola sinesten zuen, literarioki, aurkezten ari zen nobela horretan. Ondoren nobela irakurri eta, tira, pentsatu nuen, badu arrazoirik kemen horrekin aurkezteko. Literaturan (ber)sinesten lagundu zidan, hein batean, Urren aurkezpen hark.

Beste alde batetik, kontuan hartu dudan bigarren arrazoia hauxe da: Gure Gauzak SA-ren manuskritoaren ibilbide gorabeheratsua. Fikzioaren eta errealitatearen arteko nahasketa da liburu honen ezaugarri berezienetako bat… Baina nahasketa horrek ez du, kurioski, zentzu bakarrean jokatzen, hots, normalean bezala, errealitatetik nobelarako norabidean, baizik eta baita alderantziz ere, hau da, liburutik errealitatera: liburuan kontatzen dena errealitatean ondorioak izan dituelako jada, errealitatea kutsatu duelako are liburua inprimatua izan aurretik ere, eta errealitatearen aldaketak, liburu honen esistentzia hutsagatik, liburua bera aldatzeko eta aberasteko balio izan duelako. Eta kontua da liburu hau argitaratzen dela Ur Apalategik berak zuzentzen duen Utriusque Vasconiae argitaletxean beste argitaldariek, argitaldari estandarrek nolabait esateko, ez dutelako argitaratu nahi izan. Eta hori nobelaren maila hemen argitaratzen denaren bataz bestekoaren parean edo gainetik dagoela onartu dutela argitaldari horietako batzuek... Zer gertatu da bada? Gaia arriskutsua iruditu zaiela argitaletxeei, eta horrek, bide batez, konfirmatu egin dituela nobelan bertan egiten ziren aurrikuspenak, nobelaren beraren pasarte batzuen aldaketa eraginez.. Nobelaren ibilbidea bera oso literarioa izan da, beraz, eta hori ere azpimarragarria iruditzen zait.

Baina hirugarren arrazoia da inportanteena: nobelaren kalitatea. Eta nobelaren gauzarik interesgarrienetakoa hauxe iruditu zait: irakurketa-plano multipleak dituela, irakurle mota ezberdinak hartzen dituztenak kontuan. Esango nuke gutxienez 3 plano aurki daitezkeela Gure Gauzak S.A.-n:

  • alde batetik, intrigazko nobela duin bat, irakurketa maila azalekoena asetzeko gaitasuna duena eta literatura beltzaren edo thriller-aren zalearen gustukoa izango dena, ziurrenik. Generoaren konbentzio guztiak aurkituko ditugu hemen: misterio bat, edo bat baino gehiago, misterio horien ikerketa, ikerlarien kontrako konspirazioaren indarra, ezustekoak, heriotza misteriotsuak, erromantzea… Esan ohi den bezala, egungo “zalduneriazko nobela” bihurtu da nobela beltza, kapitalismo berantiarraren nolabaiteko “zalduneriazko literatura”, eta hor kontsumo hutsezko lan asko argitaratzen da, noski; baina, aldi berean, beste kezka batzuk, beste proiektu literario konplexuago batzuk bideratzeko aukera bat ematen duen klitxe bat eskaintzen du nobela beltzak, Manuel Vázquez Montalbán-en edo Norman Mailer-en lanek frogatu duten bezala. Konparaketa mutur horretaraino eramateko inolako asmorik gabe, gogora dezagun Cervantesek ere antzeko zerbait egin zuela bere On Kixote-rekin: genero baten klitxeez baliatzea, garaiko gizartearen erretratu konplexu eta zirikatzaile bat egiteko, zeina, beste alde batetik, irakurtzen jarrai baitaiteke, hein handi batean, zalduneriazko nobela ohikoen gisa…
  • Ur Apalategiren asmoa, jakina, Cervantesena baino apalagoa da, egungo errealitate baten zati ñimiño baten erradiografia egitea baitu helburu: egungo euskal literatur sistemaren eta, oro bat, euskal kulturgintzaren erradiografia gupidagabea egitea alegia. Literatur kritikari eta unibertsitateko ikertzaile bezala, Ur Apalategik egin zezakeen artikulu mamitsu edo eruditu bat, edo manifestu bat, edo panfleto bat, baina fikzioaren bide -nire ustez- zailagoa aukeratu du, eta “nobela-nobela” batekin etorri zaigu: ez saiakera eta nobela, edo historia eta nobela, edo semiotika eta nobela nahasten dituen liburu batekin (eta honekin ez ditut inola ere gutxietsi nahi, fikzioa eta saiakera edo halakoak nahasten dituzten lanak: nire gustuak ezagutzen dituztenek ondo dakite hori). Eta erradiografia gupidagabea dela esaten dudanean, hauxe esan nahi dut gutxi gorabehera: egileari ez zaiola inporta X-izpiak fuerteegi edo luzaroegi aplikatzen badizkio aztertutako gaiari… Hau izan da, ziurrenik, liburua argitaratzeko sortu diren arazoen iturri nagusia.
  • azkenik, eta aurrekoarekin lotuta, hirugarren plano batean, badago idazle eta euskal idazleen belaunaldi oso baten berrirakurketa eta nolabaiteko (azpimarratzen dut nolabaiteko) aldarrikapena, “autonomiaren belaunaldia” delakoaren aurrekoarena hain zuzen. Horretarako fikziozko idazle batez baliatzen da Apalategi, Gaston Berrizar-ez, thriller-aren tramaren erdigunean dagoen pertsonaia edo, hobeto esanda, pertsonaia horren itzala eta izkribu argitaragabeak (Berrizar hori hilda baitago nobela hasten denerako). Asmakuntza eta errekreazio honetan dago, nire ustez, nobelaren puntu sendoenetako bat, ni neu aseen utzi nauena irakurle eta literaturzale gisa. Bide batez esanda, honela Ur Apalategi euskal letretan nahikoa zabalduta dagoen “tradizio” batean txertatzen da: idazle eta izkribu imajinario edo apokrifoetan oinarritutako euskal literaturaren berrirakurketen tradizioan. Hor daude, besteak beste, Jon Alonsoren Katebegi galdua; edo garai bertsuan, antza, idazleak berak kontatu izan duenez, Aingeru Epaltzak taxutzen ari zen nobela-proiektu burutugabea (zeinetan konspirazio historiko luze batek Nafarroako Diputazioko sotoetan ezkutatuko baitzituen euskal literaturaren bitxi galdu guztiak…); edo Joseba Gabilondoren ipuin hura, “Euskal literaturaren unibertsaltasuna frogatzen duen apokrifo fantastikoa”, zeinetan narratzaileak frogatzen baitzuen Shakespeareren lan gehienak euskaratik itzuliak izan zirela... Ur Apalategi euskal literaturaren historia imajinarioaren eraikitzaileen klub horretakoa da jadanik, beraz.

Azkenik, badaukat laugarren arrazoi bat aurkezpen hau egiteko, garrantzi txikienekoa ziurrenik, baina aipatu nahiko nukeena: nobelak nolabaiteko satisfakzio pertsonala eskaini didala alegia. Batzuek esango dute hau roman-á-clé bat dela, hau da, pertsonaia eta erakunde batzuen izenen azpian benetako, errealitateko pertsonaiak ezkutatzen direla. Ez dut uste inportanteena denik: hala balitz ere, klabe eta ezizen horiek askatu gabe ondo asko disfrutatu daiteke nobelaz. Kontua da nik, aitor dut, izan dudala pertsonaia horietako baten mozorropean neure buruaren nolabaiteko isla sumatzeko harrokeria. Tira, ez dut nirekin bete-betean identifikatzeko tontakeria egingo, ez baita hala: nobeletako pertsonaiak, pertsonaiak dira, eta kito, berdin dio ze puntutaraino dauden oinarrituta jende errealarengan; ondo dakigu hori.

Baina, edonola ere, pozik nagoela esan dezaket, ez baita halakorik gertatzen zaidan lehenengo aldia. Beste idazle baten liburu batean agertua naizelako, jada, ezizen batez. Asuntoa da aipatuko ez dudan idazle horren liburu bati kritika ez oso on bat egin niola, eta, nola ez, egile horren hurrengo liburuan agertu nintzela pertsonaia bezala... ez oso modu positiboan erretratatua, noski. Tira. Javier Marías idazle madrildarraren Negra espalda del tiempo liburuan pertsonaia errealen gainean eraikitako fikziozko pertsonaien erabilpenaz gogoeta egiten da, halako nobela bat egin zuelako Maríasek, Todas las almas, Oxfordeko college batean kokatua, nahikoa zurrunbilatsua gertatu zitzaiona Maríasi, arrazoi horrengatik. Eta Negra espalda del tiempo-n hausnarketa hau egiten zuen Todas las almas-en erretratatuta ageri omen zen literaturako katedradun batek, darabildan gai honi buruz:

“Todo nuestro trabajo, el de los estudiosos, está condenado a quedarse anticuado, inservible, a ser olvidado. (…) Tal vez nuestra única manera de pasar a la posteridad, que irónicamente es lo único que nos ocupa, sea a través de una novela de ahora a la que no nos toca hacer el menor caso” hots, posteritatera pasatzea ziurragoa dela pertsonaia literario gisa (idazle edo ikerlari bezala askoz ere zailagoa den heinean). Ondoren, oso modu graziosoan, Maríasek kontatzen digu nola proposatu zion katedradun espainiar nahikoa harroputz bati bere nobelako nolabaiteko pertsonaia bihurtzea; kontua da katedradun hura, agertua zela jada bere amorante ohi batek idatzitako mespretxuzko nobela batean, eta honela konbentzitzen du Maríasek bere nobelan agertzeko abantailez, besteak nobela bateko pertsonaia izan dela eta, ondorioz, ez zaiola interesatzen esaten dionean:

“Pero [aquella novela] no te dejaba nada bien (…) Un personaje odioso y tópico, si mal no recuerdo, profesor. Cartón piedra. (…) [Esa novelita, además, no va a perdurar.] Lo importante es ser (personaje) de un libro inmortal, si es que se puede dar hoy tal cosa; aunque salga uno retratado como un desalmado, una rata o un patán. Mejor no correr esa suerte, porque así quedará uno retratado hasta el fin de las letras, pero aún peor es no salir

Eta ni horrexegatik nago kontentu; ez Urrek nire alter-ego posible hori hobeto tratatzen duelako (eta horretaz zalantzak ditut: ez dut ezer aurreratuko, baina irakurri nobela, eta esango didazue), orain posteritatera heltzeko boleto gehiago dauzkadalako baizik, Ur Apalategiren nobelaren pertsonaia bezala, beste idazle kaxkar horren liburuaren bitartez baino. Liburu horrek, idazle kaxkarrarenak, eta idazle horren obrak eta izenak berak ere, gutxi iraungo dutelako euskal letren historian. Ez dakit nobela hau hain zuzen ere, nik uste dut baietz, baina ziur naiz Ur Apalategiren obrak, ordea, gehiago iraungo duela, eta alde horretatik, nire espektatibak, fikziozko pertsonaia bezala irauteko, askoz ere handiagoak dira orain, lehen baino.

Erantzun

Sartu