Sustatu logoa Teknologia albisteak

Alfaren historia: Javier Iza-Goñolaren doktore-tesiaren aurkezpena Eibarren

Josteko makinaren bilakabidea lantegi baten izenarekin dago lotuta, Alfarekin. Baina Alfa ez da lantegi hutsa izan, lan munduan eta Eibarko historian lekua berezia izan duen kooperatiba handia baizik.

Alfa lantegia 1920an sortu zen Eibarren. Urte horretan izandako greba luze eta latz baten ondorioz, armagintza arloko behargin batzuk batu egin ziren Kooperatiba bat antolatzeko, XIX. mendearen amaiera aldera nagusitu zen izpirituaren epelean.

Baina armagintzak krisialdi larriak izaten zituela eta, 1925ean josteko makinak egiten hasi zen, eta erabaki horrek aldatu egin zuen bere historia eta herriarena. Kooperatibetan aintzindari, gerra-sasoiko urteak pasa ondoren, izugarri indartu zen lantegia. Lehenengo urteetan astiro, baina 1953tik aurrera indartsu.

1954-59 urteetan merkatua handitzen eta beste herrialde batzuetan filialiak ipintzen hasi zen. Hala ere, 1964-74 urteak izan ziren gorakada handienekoak: atzerrian ordezkari asko zituen, Alfaren bulegoak ugaldu egin ziren leku guztietan, eta lantegia 2000 behargin izatera heldu zen.

Hori guztia eta gehiago izango du hizpide datorren astean Eibarren Javier Iza-Goñola ikerlari gasteiztarrak, Alfaren historia jasotzen duen doktore tesia aurkeztuko baitu bertan. Antolatzailea Eibarko udaleko Ego Ibarra batzordea da, Eibarko ondare historikoa ikertu eta berreskuratzeaz arduratzen den udal batzordea.

Eguna: apirilak 27, martitzena
Ordua: 19:30
Lekua: Portalea Kultura Etxea

Javier Iza-Goñolak, alderdi ekonomikoaz gain, Alfaren alderdi sozialari asko erreparatu dio: beharginen soldatak, lan-ordutegiak, sasoi bakoitzean zeuden prezioak, sindikalgintza...

Informazio gehiago Ego Ibarraren webgunean:

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu