Lehengoan "Berria"n Juanjo Olasagarrek Heideggerren lanak eramangaitzak zaizkiola iradoki zuen. Txillardegik antzeko zerbait idatzi zuen "Euskal Herria helburu"n. Egia da Heideggerren testu batzuk oso zailak direla. Baina baditu jendaurrean irakurtzeko prestaturiko hitzaldiak, nekazarien eta tabernarien aurrean, ulerterrazak izateaz gainera Heideggerren gogoetaren funtsera hurbiltzeko egokiak direnak. Horietako bat duzu "Gelassenheit", "Baretasuna", non Abiadura Handiko Trenaren arerioen, JosAnton Artzeren eta betiko mistikaren jarrerak era berezi batez biltzen baitira.
Geure garaia "aro atomiko", "telebistaren mende", zein "interneten garaia" izendatua izan da, bere berezitasunik nabarienak mundua kolpe batez suntsitzeko aukera, hedabideen aurreko hipnosi tentela eta tokirik urrutienera eperik laburrenean iristeko ahalmena baitira: fisikaren, telebistaren eta interneten oinarrian, zientziaren oinarrian, teknika dago.
Egia da, halaber, energia atomikoa helburu baketsuetarako erabil litekeela: honela, mundu osoan, atomoaren fisikari eta teknikariak haren erabilera baketsuetarako erakunde itzelak antolatzen saiatzen dira, egundoko dirutza mugituz. Negozio honetan zoriontasun berri bat asmatu ei da. Ezaguna da 18 Fisika Nobel saridunen baieztapena: "zientziak gizakia zoriontsuago egiten du".
Adierazpen hau, Heideggerren iritzirako, aldeko zein aurkako jarrera sutsu oro azken batean, ez da teknikaren funtsaren bilatze jatorra. Egin beharko genukeen galdera ondokoa da: nola asmatu eta askatu ahal izan ditu teknika zientifikoak energia natural berriak? Zein pentsamoldek eraiki du inguruan dugun mundu tekniko-zientifiko tzarra?
Heideggerrek hauxe erantzuten du: Europan, XVII. mendean, filosofia modernoarekin batera, funtsezko pentsaera guztien eraldaketa jarri zen abian, eta horrek goitik behera eraberritu zuen munduarekiko gizakiaren jarrera. Orduz geroztik, pentsamendu kalkulatzaileak nahi bezala manipulatzen du oro, guztiz bereganatua baitu mundua. Natura izugarrizko gordeleku erabilgarri bihurtu da, industria eta teknika modernorako energia iturri. Ikuskera hau luzaro izan da ezezaguna Europaz landa, eta XVII. mendea baino lehen ezkutuan egon zen.
Gure garaian teknika Lur osoan barrena nagusitu da. Ikerkuntza atomikoak aurkitu dituen energia iturri ikaragarriek mundu osoko beharrak beteko dituzte berehala. Ikatzak, egurrak nahiz petrolioak soilik munduko eskualde batzuk hornitzen zituzten energia askiz; aldiz, laster Lurreko leku guztietan eraiki ahalko dira zentral nuklearrak.
Hala ere, Heideggerrek dioenez, nuklearra, teknikoa edo informaziozkoa bezalako indarrek, gizakiak pilatu, estutu eta dandarrez daroatzatenak, aspaldi gainditu zuten gizakiaren borondatea eta kontrola, ez baitatoz gizakiarengandik. Izan ere, enigmatikoak dira, eta enigma hori aldi berean agertu eta ezkutatu egiten da zentral nuklearretan nahiz ordenagailuetan. Horregatik, ezein gizabanakok edo taldek, ezta gizakirik bikainenek osatuak ere, ezin du aro atomikoaren garapen historikoa geldiarazi edo zuzendu. Ez dago giza erakunderik gure garaiaren uhalak gidatzeko gai.
Heideggerren ustetan, bestalde, gizakia gaur egun ez da munduan bakean bizi. Meditazioaren izpirituak ihes egin du mundutik, eta ia inork ez du sentitzen bere sustraiak indartzen dituen Lur batean bizi denik.
Jende askok bere sorterria utzi behar izan du hiri handietako zirimoletan galtzeko, edo industria eremu latzetan finkatzeko: sorlekua arrotz bihurtu zaie.
Dena den, ez da batere bitxia tokian tokiko jendea etorkinak eta joankinak baino sustraigabeago sentitzea: urteko egun guztietan geure telebisten aurrean hipnotizaturik esertzen gara; edonora goazelarik, aldizkariren bat daroagu beti besapean; hedabideek kontatzen digutena, gure irudimena asaldaraziz, gu harrituz eta ergelduz, geureago dugu etxe inguruko soroa, lur gaineko zerua, orduen jarraipen isila edo herriko ohiturak baino.
Gizakiaren sustraitzea mehatxaturik dago; eta sustraigabetze hori ez dator soilik gizakiaren axolagabekeria eta azalkeriatik, gure garaiaren izpiritu enigmatikotik baizik. Hau kontuan harturik, Heideggerrek itauntzen du ea etorkizuneko gizakia dagokion Lurrean sustraiturik hazi eta ondu ahalko ote den, izpirituaren askatasunera iristearren, ala, alderantziz, planifikazioaren eta kalkuluaren atzaparrek harrapatuko duten osotoro.
Heideggerren esanetan, pentsaera bi dago: kalkulatzailea, gure garaiari dagokiona, eta gogoetatsu desinteresatua, gizakiak gaur egun muzin egiten baitio. Izan ere, egun inoiz baino proiektu handinahiago, azterketa ugariago eta ikerketa liluragarriagoak burutzen ari dira: txit probetxugarri eta guztiz beharrezko, noski.
Ordea, pentsamendu gogoetatsuan datza giza esentzia. Baina, esan bezala, iraultza teknikoak hainbeste sorgindu du gizakia, ezen egunen batean pentsaera kalkulatzailea onartutako eta erabilitako bakarra izan baitaiteke.
Halatan, kalkulu asmatzaile eta planifikatzailearen birtuosismorik harrigarri eta emankorrena pentsaera gogoetatsuarenganako arduragabekeriaz betea letorke, eta gizakiak bere-berea duena, hots, etekinik bilatzen ez duen hausnarra, galdu egingo luke. Heideggerrek haatik uste du esentzia hau salbatu beharra dagoela. Behin antzinako sustraitzea desagerturik, gizakiaren esentzia, pentsaera gogoetatsua, babestu beharra dago, inguratzen duen mundu tekniko itsuak hura zapaltzeko joera badu ere.
Nolanahi ere, mundu teknikoaren kontrako guduan itsu-itsuan hastea edo hura deabruaren lana bailitzan kondenatzea burugabea litzateke Heideggerrentzat. Ez da zentzuzkoa autoen zein telebistako izarren aurkako borroka armatua antolatzea. Teknikak ematen dizkigunak beharrezkoak ditugu. Hala ere, gailu teknikoei hain estu gaude loturik ezen beren esklabo bilakatu baikara ohartzeke.
Baina bestela ere erabil ditzakegu trasteok: trankil baliatuz, beren zerbitzari bihurtu barik, distantzia gordez, beren baitan pausa daitezen utziz, geure barne muinetara hel ez daitezen. Tresneria teknikoaren erabilpen saihestezinari "bai" esan diezaiokegu, eta aldi berean "ez", geure arima ostu eta hustea eragozten diogulako; honela, gure garaiarekiko harremana guztiz lasaia bilakatzen da. Jarrera honi, gauzen aurreko arimaren patxadari, "baretasun" deritzo Heideggerrek.
Bestalde, Heideggerrek dio prozedura tekniko guztietan gizakiak asmatu ez duen zentzu bat ezkutatzen dela. Ez dakigu zergatik nagusitu den teknika munduaz. Iluna zaigu teknikaren zentzua. Izan ere, geuregana etortzeaz batera ezkutatu egiten da; baina, aldi berean, ezkutatzen den ber erdikusten dugu zentzu hori. Hain zuzen ere, horixe da "sekretu" deitzen dugunaren funtsezko ezaugarria. Mundu teknikoaren zentzu ezkutuarekiko jarrera arretatsuari Heideggerrek "sekretuari zabalduriko izpiritu" deritzo.
Teknikaren aurreko arimaren patxada eta sekretuari zabalduriko izpiritua bereiztezinak dira. Gauzen artean bizitzen uzten digute, era berri batean. Beste Lur bat agintzen digute, bertan, mundu teknikoan egonik ere, bizirik iraun dezakegula, bere mehatxutik gordean.
Baretasuna eta sekretuari zabalduriko izpiritua ez zaizkigu eginda ematen, zerutik erorita. Agertu eta garatzekotan, pentsamendu gogoetatsuaren ahalegin iraunkorra behar dute. Honi atxikiz gero jabetuko gara aro atomikoaren bihotzera daroan eta berau zeharkatzen duen bidea aurkitu eta prestatu behar dugula.
Baretasunari esker, geure garaiak zokoratu duen giza hausnarketak iraun lezake. Mundua eremu enigmatiko bat da, abegikortasuna eta begirune arretatsua zor diogu. Baldin arima gauzen baitan ezkutatzen den sekretu arraroari zabalduko bagenio, mundua argituko litzaiguke.
Erantzun
Sartu