Elhuyar Fundazioak eta ETBk ekoizten duten Teknopolis saioa 100. atalera iritsi da. Zientzia eta teknologiaren dibulgazio-programa Elhuyar Fundazioak egiten du, ETBrekin lankidetzan, eta Eusko Jaurlaritzaren Industria eta Hezkuntza sailak, EHU, EuskoTren, Fagor Electrodomesticos-ek eta ULMA ditu babesle.
Teknopolisek 100. saioa beteko du datorren igandean, apirilaren 18an. Zientzia eta teknologiari buruzko 100 saio. Teknopolisen eskutik 500 zientzialari eta ikertzaileren ahotsa entzun da telebistan. Euskal ikerketaren, berrikuntzaren eta garapenaren alorreko 200 proiektu inguru aurkeztu dira. Eta batez ere, etengabe aldatzen ari den gizartean aldaketa horietako askoren mamia eta zergatiaren hedapenerako tresna izan da.
Kultur Elkarte gisa lehenengo eta Fundazio gisa ondoren, Elhuyarrek, sorreratik, zientzia eta teknikaren dibulgazioa izan du lan-jardunaren ardatz nagusietakoa. 1999an jaio zen Teknopolis, eta, harrezkero, urtero-urtero itzuli da ETBra.
Azpimarratzekoa da Teknopolis-ek hasiera-hasieratik euskal gizartearen erakunde, unibertsitate eta enpresen aldetik jaso duen babesa. Eta, horren erakusgarri, hona hemen Teknopolisek ekinaldi honetan bidailagun dituen babesleak.
Teknopolisen produkzioari dagokionez, aipatzekoa da diziplinarteko lantalde batek prestatzen duela Aitziber Agirrek aurkezten duen saioa. Telebistan eskarmentua duten kazetariekin batera, zientzia-dibulgazioan trebatuta dauden eta zientzia-ikasketak dituztenek prestatzen dituzte erreportajeak. Oier Araolaza da Teknopolisen zuzendaria eta erredakzioan Beñar Kortabarria eta Nerea Pikabea kazetariek, Aitziber Agirre biokimikariak eta Eneko Imaz biologoak dihardute.
Nanoteknologia, espazioaren esplorazioa edo birziklapenaren inguruko azken joerak erakusten dira saioan, eta informazioaren gizarteari arreta berezia jartzen zaio. Izan ere, komunikazioaren teknologia berriek dakartzaten nobedadeen jarraipena astero-astero egiten da. Hori guztia modu argi, atsegin eta erakargarrian, edonork jarraitzeko moduan.
Programaren helburua zientzia eta teknologiaren mundua publiko orokorrarengana hurbiltzea da, sentsazionalismoari lekurik utzi gabe eta informazioaren tratamendua zorrotz landuz, baina dibulgazioaren ikuspegitik beti ere.
Kirola eta zientzia, autoen birziklapena eta Bilbo Exhibition
Kirola eta zientziaren arteko harremana hurbiletik erakutsiko da Teknopolisen 100. saioan. Zientziak kirolarien errendimendua hobetzeko eskaintzen dituen teknika eta baliabideak aztertuko dira. Doping-motak zein diren eta zer eragin dituzten ikusiko da erreportajeetako batean. Bestetik, dopinarekin zerikusirik ez duten teknikak ikusiko dira: altueran egindako entrenamenduak eta, oro har, kirol-errendimendua hobetzeko teknikak. Horretarako, Getxon, Fadurako Hobekuntza Teknikorako Zentroan izango da Teknopolis.
Urtero 50.000 ibilgailuk hartzen dute erretiroa Euskal Autonomia Erkidegoan. Europan 150 miloi. Orain arte, ibilgailu-hilerrietan pilatzen ziren horietako asko, baina Europako Batasunaren arau berri baten arabera, 2006tik aurrera ibilgailuen osagaien % 85 birziklatu egin beharko da. Sestaoko Car Recycling enpresan izan gara, autoaren desegite-prozesua ikusten.
Bilbao Exhibition Center erakustazoka berria komunikaziorako teknologia berrienekin prestatuta abiatuko da. Erakusketetan baliabide teknologikoei etekin handiena ateratzeko, Informazioaren Gizarteak eskaintzen dituen aukeren erakusleku bihurtu da: Interneterako 14.000 sarbide edo konexio daude eraikin berrian, haririk gabeko DECT edo irrati bidezko telefonia-sistema erabiltzeko aukera, telefono mugikorreko estaldura eraikin osoan, Wi-fi sarea eraikinean eta abar. Erakustazoka ireki aurreko egunetan bertan izan da Teknopolis azpiegitura teknologiko handi hori ezagutzen.
Hau guztia, datorren apirilaren 18an ikusi ahal izango da ETBko bi kateetan. Igandetan eskaintzen da Teknopolis, arratsaldeko 20:00etan ETB-1en eta 12:30ean ETB-2n.
Erantzun
Sartu