Teknologia albisteak

Azpeitiko EBPN, eta Gurien sare-aldizkaria

Erabiltzailearen aurpegia
Azpeitiko Euskara Patronatua - Erabili.com
2004-04-15 : 10:04

Duela egun batzuk dago sarean Azpeitiko Euskara Patronatuaren baliabide elektroniko berria: Gurien sare-aldizkaria, Azpeitiko Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiaren (EBPN) nondik norako guztien berri emateko tresna.

Erabili.com webgunean bere atala du Azpeitiko EBPN-k, eta orain sare aldizkaria ere bai: Gurien.

Albistegi honetan argitaratzen diren oharrak, e-postaz ere banatzen zaizkie harpidedunei. Horretarako, Postaria.com zerbitzu euskalduna (Mailman software librean oinarritua) darabil Gurien-ek.

Hasteko, Gurien sare-aldizkariak 300 harpidedun inguru ditu. Harpidedun horiek Azpeitiko Euskara Biziberritzeko Plan Nagusian zuzen-zuzenean esku hartzen ari diren gizarte eragileak dira. Dena dela, nahiz eta EBPNn zuzen-zuzenean parte hartu ez, edozein harpidetu daiteke Gurien sare-aldizkariaren informazioa bere ePostontzian jasotzeko. Horretarako, bete harpidetzeko orria.

Albisteei erantzuteko aukera

Informazioa jasotzeaz gain edozeinek du aukera albisteari erantzuteko. Alegia, edozeinek du aukera albistearen inguruko informazio osagarria edota iritziak txertatzeko. Horretarako, albiste bakoitzaren amaieran ageri den Erantzun hitzaren gainean sakatu eta zabalduko zaion orrialdea betetzea baino ez du. Hori bai, bere erantzuna argitaratuko dugu, baldin eta, izen-abizenak, ePosta helbidea eta nortasun txartelaren zenbakia jartzen baditu. Ez dugu erantzun "anonimorik" argitaratuko.

Albisteak eta iritziak bidaltzeko aukera

Norbaitek Azpeitiko EBPNri buruko iritzirik edota albisterik argitaratu nahi badu, aukera izango du albiste edo iritzi hori zuzen-zuenean Gurien sare-aldizkarira bidaltzeko goiko ezker aldean dagoen Zeuk idatzi horren gainean sakatuta. Hori bai, bidaltzen duen idazkiarekin batera argazki-digital bat ere bidali beharko du. Izan ere, artikulu guztiak argazki banarekin argitaratzen baititugu.

Gurien sare-aldizkariak Azpeitiko Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia garatzen ari garen guztion arteko harremana bideratuko duen tresna izan nahi du norberak bere aletxoa jar dezan, norberak bere ekarpena egin dezan, eta, horrela, Azpeitian euskararen erabilera gizarte esparru guztietara zabaltzeko. Izan ere, Azpeitian euskararen erabilera sustatu nahi badugu: Gu geu gara bidea.

Erantzun

Sartu