Teknologia albisteak

Hizkuntza Eskubideen Eguna Lesakan

Erabiltzailearen aurpegia
Euskal Herrian Euskaraz - Euskal Herrian Euskaraz
2004-04-02 : 14:04

Euskal Herrian Euskaraz elkarteak datorren apirilaren 4ean, igandea, Hizkuntza Eskubideen Eguna antolatu du Lesakan. Lehen aldia da nazio mailan hizkuntza eskubideen aldeko egun bat antolatzen dena.

Jakina da Euskal Herrian euskaldunoi hizkuntza eskubideak sistematikoki urratzen zaizkigula. Lurralde bereizkeriarik gabe ezin dugu gure herrian gure hizkuntzan bizi eta gainera azken urteetan euskararen eta normalizazioaren aurka estatuek darabilten suntsipen estrategia egoera hori larriagotzen ari da. Baina egiturazko egoera da muga argiak ezartzen dizkiguna: euskarak status legal bakarra ez izatea, ofizialtasun eza eta lurralde osorako hizkuntza politika bakarra ez izateak eragin kaltegarria dakar gure hizkuntzaren garapenerako.

Beraz, hizkuntza eskubideen aldeko indar biltzean ahalegindu eta hauek bermatuak izan daitezen eragin sozial tinkoago bat aktibatua izatea ezinbestekotzat hartzen dugu. Zentzu horretan antolatu dugu Hizkuntza Eskubideen Eguna. Helburua baita nazio osoko ahalik eta indar euskaltzale gehienak Lesakan biltzea, bai eragile eta talde ikuspegitik, eta zalantzarik gabe herritarren ikuspuntutik.

Horrexegatik, zure parte hartzearen garrantzia azpimarratu nahi genuke. Bai erakunde gisa edo herritar gisa Lesakara hurbildu, hizkuntza eskubideen inguruan hausnarketetan parte hartu, aldarrikapena lau haizetara zabaldu eta une atsegin bat igarotzeko aukera ezin hobea izango delako. Beraz, horra hor gure deia.

Egitaraua:

  • 10:30: Diana eta suziriak.
  • 11:00-13:00: Hizkuntza Eskubideen Aldeko Nazio Bilkura. Kasinoan burutuko da. Bertan hizkuntza eskubideen inguruan gogoeta egiteko aukera izango dute hurbiltzen direnek.
  • 11:00-14:00: Euskalgintzaren gunea. Alhondigako arkupeetan. Bertan euskalgintzaren materiala eta proiektuak egongo dira ikusgai eta eskuragarri.
  • 13:00: Manifestazioa. "Bai ofizialtasunari" lelopean. Nazio Bilkuraren amaierarekin batera emango zaio hasiera mobilizazioari.
  • 13:30: Ekitaldia. Plaza zaharrean.
  • 14:30: herri Bazkaria eta haurrentzat tailerrak. Pilotalekuan.
  • 15:30: herburu txarangaren eskutik girotzea pilotalekuan.
  • 17:00: Patxin eta Potxin pailazoak. Plaza zaharrean.
  • 18:00: Dantzaldia Patxi eta Batbiru taldearen eskutik. Pilotalekuan.
  • 20:30: Amaiera.

Erantzun

Sartu