Teknologia albisteak

Inguma datu-basea: 28.000 erregistroren gaineko bilaketak egiteko aukera

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu - Inguma
2004-03-30 : 10:03

Dagoeneko Euskal Komunitate Zientifikoaren datu-basearen (Inguma) azken eguneraketa sarean da. Inguma-ren webgunean, euskara batuaren arauak finkatzen hasi zirenetik, unibertsitate mailako zientzia eta jakintza-alor bakoitzean euskaraz ekoitzi denari buruzko oinarrizko informazioa eskaintzen da.

Inguma, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzaz, UEUk sortutako euskal komunitate zientifiko-intelektualaren datu-basea da. Une honetan, Inguma datu-basean UEU-ren 2003 urtera arteko produkzioarekin batera, beste zenbait unibertsitateren eskaintza akademikoa jaso da, baita beste dokumentu mota ugari ere:

  • Unibertsitate mailako 98 aldizkariren euskarazko artikuluak bildu dira.
  • 37 argitaletxeren euskarazko liburuak.
  • Zenbait erakunderen hitzaldiak zein ikastaroak jaso dira.

Helburua:

Inguma-ren helburu nagusia euskal produkzio akademikoaren berri ematea da. Hortaz, ez da bibliografia nazional bat, eta ez da dokumentu bakoitzaren deskribapen edota baloraziorik egiten (euskararen kalitateaz, adibidez). Inguma euskarazko produktu guztiak eta egile euskaldunak ezagutarazteko tresna azkar eta eraginkorra izateko asmoz sortu zen.

Orotara, Inguma datu-basean 28.000 bat erregistroren gaineko bilaketak egin daitezke. Mota askotako dokumentuak biltzen dira datu-basean: 7.757 artikulu; 2.574 liburu-aipamen, hitzaurreak, liburu-atal edo edizio kritiko; 197 doktorego-tesi; 14 ikerkuntza-proiektu; 933 liburu; 319 itzulpen; 6.644 hitzaldi; 975 ikastaro; eta 2.338 irakasgai.

Erantzun

Sartu