Teknologia albisteak

MITeko ikertzaile batek, kooperatibak goraipatu

Erabiltzailearen aurpegia
Joxe Aranzabal
2004-03-16 : 10:03

Thomas W. Malone ikertzailea da Massachussetsko Teknologia Institutuan (MIT), eta bere azken liburuan Euskal Herriko kooperatibak goraipatzen ditu, “miniaturazko demokraziak direlako, non langileek aukeratzen baitituzte zuzendariak, eta botoa duten beste kontu askotan”.

Datorren hilean kaleratuko da The Future of Work liburua, alegia Lanaren Etorkizuna, Thomas W. Malone ikertzaile estatubatuarrak idatzia. Liburu honetan Malonek laburbiltzen du hogei urteko ikerkuntza lana, nola informazioaren teknologiak eta komunikazio merkeak ari diren erakundeak txikitzen, zelaitzen eta demokratizatzen, eta aldi berean lana bera eraldatzen.

Etorkizunean, dio Malonek, goi teknologian eta jakintzan oinarrituriko negozioak zuzenduko dira hierarkia lokak bailiran, edo demokrazia beregainen gisa. Langile trebeak antolatuko dira taldetan, desegingo dira eta berriz antolatuko, proiektuen arabera, gaur egun zineman edo eraikuntzan gertatzen den moduan.

“Lan antolakuntza berri baten atarian gaude gaur egun, non erakunde askok ez duten izango gune bat, edo zehatzago esateko, izango duten ia langile beste gune”, esan du Malonek, zeinek bost urtean zuzendu duen MITen ikerkuntza lan bat, XXI. Mendeko Erakundeak Asmatzen.

Linux, eBay eta MCC

Tomas W. Malonek hiru adibide lantzen ditu bere liburuan. Lehena da Linux, iturburu irekiko sistema eragilea, mundu osoko programatzaile mordo batek diseinaturik, eredu izan daiteke etorkizunean nola garatu programak. “Linuxen gehien interesatzen zaidana ez da iturburu irekikoa izatea, ezta doanekoa dela, ezpada nolako egitura deszentralizatua duen”, esan zuen Malonek.

Bigarren adibidea da eBay enkante etxea, teknologiari oso lotua, sekulako indarra ematen dielako bai saltzaileei eta baita erosleei ere, merkatu egitura batean.

Eta hirugarren aipamena Euskal Herriko kooperatibentzat da, bereziki MCC taldearentzat, kooperatibak “miniaturazko demokraziak direlako, non langileek aukeratzen baitituzte zuzendariak, eta botoa duten beste kontu askotan”.

Gehiago jakin nahi duenak liburu honen gainean, hemen egin lezake klik.

Erantzun

Sartu