Teknologia albisteak

Polizia batek okin bat hil zuen atzo Iruñean

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2004-03-14 : 11:03

Madrilgo atentatuaren arrastoan, atzo Iruñean polizia nazional batek, zenbaiten ustez Jaime Ignacio del Burgoren bizkarzaina, hainbat tiro eta labankada eman zizkion Angel Berroeta 61 urteko okin iruindarrari, honek ez zuelako jarri nahi izan bere dendan ETA ez zioen kartel bat. Berroeta hil eta gero, Polizia Nazionalak atxilotu egin zituen hiltzailea eta haren semea. Eta gogor eraso Iruñeko kaleetan hildakoa omendu nahi izan zuen jendea.

Antza denez, eztabaida hasi zen poliziaren emaztea —hau ere Donibane auzoan bizi zen, ondo-ondoan— joan zitzaionean Angel Berroetari eskatzen jartzeko dendan kartel bat, ETA ez zioena. Angelek, ezetz. Bestea etxera joan, eta senarrarekin itzuli. Berriro eztabaida, Angelek, ezetz, besteak pistola atera, hainbat tiro jo, eta ondoren hainbat labankada sartu.

Izugarrikeria egin ostean, senar-emazteak beren etxera itzuli ziren, eta handik deitu omen zioten poliziari, 14:00ak inguruan. Hauek berehala iritsi, eta eraman egin zuten erasotzailea. Geroago, gainera, haren semea ere eraman, ustez parte hartu zuelakoan hasierako eztabaidan.

Bitartean, Berroeta Nafarroako Ospitalean zegoen, larrialdi zerbitzuetan. Bost zulo omen zituen gorputzean: bularraldean, sorbaldan, aurpegian, ipurmasailean… Ospitalean saiatu ziren bere onera ekartzen, baina 14:38an, hil egin zen.

Poliziak, egurra protesta egin zutenei

Hilketaren berri zabaldu bezain laster, hainbat jende bildu zen bai okindegiaren inguruan, nola gorpua zegoen beilatokiaren aldean. Batean eta bestean, ordea, Polizia Nazionalak gogor oldartu zitzaien han zeudenei, eta egur franko banatu zuen.

Arratsaldeko zazpietarako batzarra deitu zuten Jasokunde plazan, beilatokiaren ondoan, ondoren manifestazioa egiteko, baina Polizia Nazionalak utzi ez. Kolpez sakabanatu zituen han elkartutakoak, eta amorruz apurtu jendeak utzitako ikurriñak. Ondorioz, zenbait gaztek hartu zabor edukiontziak, errepide erdian bota, eta harrika erantzun omen zioten poliziari. Gauera arte.

Berroeta, 201. hildakoa

Iruñean ezin, baina Baionan omenaldia egin zitzaion Angel Berroetari, Batasunak antolatutako manifestazioan. Fernando Barrenak, bestalde, 201. hildakotzat jo zuen Angel Berroeta; Madrilen hildakoekin batera, eta Jose Maria Aznar eta Miguel Sanz jo zituen haren heriotzaren errudun politiko bakartzat.

Angel Berroetak lau seme-alaba zituen. Hauetako bi atxilotu egin zituzten orain hainbat urte, kale borrokan ibili omen zirelako. Angel bera Gurasoak elkartean aritu zen lanean, elkartea bera sortu zenetik. Emazteak ere bozeramaile lanak egin zituen hainbat mobilizaziotan. Bien artean zeukaten okindegi bat Martin Azpilikueta kalean, non gertatu zen hilketa.

Informazio zabalagoa nahi duenak gai honen gainean, Berria egunkarian aurkituko du, Diario de Noticiasen, eta Garan, besteak beste.

Erantzun

Sartu