Teknologia albisteak

Lázaro Carreter, euskaldun baten ikuspegitik

Erabiltzailearen aurpegia
Xabier Mendiguren Elizegi - Elkar
2004-03-05 : 17:03

Iparraldekoek bai baina Espainiako erresuman hazi garenok ez dugu Lázaro Carreter nor izan zen inork azaldu beharrik. Hala ere, saiatuko naiz zerbait esaten.

Hegoaldeko egunkari guztietan datoz ohar nekrologikoak, baita Berria-n ere; zer esanik ez Espainia osoko prentsan eta Hego Amerikakoan ( hemen lotura batzuk). Ez dugu hemen errepikatuko horietan joriago eta ugariago datorrena. Gogoeta pare bat besterik ez, euskaldun baten ikuspegitik.

Irakasle bikaina zen Lázaro Carreter. Gelaren aurrean ez dakit, ez bainuen halako aukerarik izan, baina bai bere ikasliburuekin ibiltzeko eskola-garaian, baita haren artikuluak irakurtzeko ere, geroago. Hizkuntzarekin egiten diren desmasiak eta aldrebeskeriak salatzen zituen behin eta berriro, hori zuen bere kezka eta helburu. Alde handirik ez, beraz, gure arteko polemista askorekin. Egiteko moduak bereizten zuen, ordea, beste sasimaisu eta sermolari askotatik.

Hasteko, jakintza zabalari zentzuna eransten zion beti, gehiegizko garbizalekerietatik libratzeko, berrikuntza hizkuntzaren lege noraezekoa dela jabeturik; bestetik, umorea erabiltzen zuen bere artikulu guztietan, noiz fina noiz zorrotza, dibulgazio-lan horiek atseginago bihurtuz hartara, eta bere leziatzeak ez horren lehorrak; beste ezaugarri bat nabarmentzekotan (hainbat eta hainbat kanpoan uzten ditudala jabeturik ere), espainiera mintzo den eremu osoa hartzen zuen beti kontuan, bere txokoko edo Estatuko hitzetara mugatu gabe.

Ez dira ikasgai txarrak euskaldunentzako ere. Bestalde, Carreter-en artikuluak irakurrita, behin baino gehiagotan ohartzen zara gure hizkuntza pipiatzen duten erdarakadak gaztelania txarra direla izatez, azken orduko pedantekeria baldarrak kopiatzen baitira maizenik, hedabideetako jardun presatiaren poderioz.

Hala ere, Lázaro Carreter-ek bere hizkuntzaren ajeekin zeuzkan minak eta geureak ez dira inondik ere antzekoak. Zabar baina bizi dabil gaztelania bere lurrean; euskara, berriz, herrenka eta makurka, gaztelania horrexek azpiak jaten dizkiolako. Hizkuntzak beti dira ederrak, guztiak errespetagarriak, baina urtero ari dira hizkuntza txikiak desagertzen mundu osoan, handiek (hizkuntza handietako gizataldeek, zehatzago esanda) egiten duten presioaren ondorioz. Eta garbi dago zein zerrendatan dagoen gurea.

Erantzun

Sartu