Mundukide Fundazioak eta Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak (HUHEZI) martxoan zehar garatuko den Komunitate Garapenerako Esperientzien "Truke-Programa" antolatu dute. V. edizio honetan, hamalau partaide izango dira; Afrika, Amerika eta Asiatik etorritakoak.
Truke Programa honek lankidetzan oinarrituriko hartu-emanak bultzatzen ditu.
Batetik, elkartrukatzearen helburua Hirugarren Munduko errealitate Kooperatibo-Komunitarioak ezagutzea da. Eta bestetik, Euskal Herriko, eta bereziki, Arrasateko Esperientzia Kooperatiboa erakustea.
Honduras, Txile, Ekuador, Filipinak, Argentina, Brasil, Kolonbia, Kuba, Mozanbike eta Guatemalatik etorritako 14 lider komunitario-kooperatibo izango dira martxoko hilabete osoan zehar.
Truke-Programako partaideak:
- Lopez Jose Nery (Honduras): Bellavista Kooperatiba.
- Ramirez William Eduardo (Ecuador): Salinas Kooperatiba.
- Gonzalez Oña Luis Alfonso.(Ecuador): Salinas Kooperatiba.
- Baldoza Sarco Chone Evelyn (Filipinas): Josefa Segovia Fundazioa.
- Viluñir Aguayo Roxana Elisa (Chile): Pascual Coña Komunitatea.
- Serrano Espada Oscar fernando (Argentina): San Jose Providente Fundazioa.
- Daza Zulma Yasmin (Colombia): El Serrano Kooperatiba.
- Aguilar Perez Perfecto Israel (Cuba): Desembarco del Granma Koop.
- Panez Colillan Nayade (Chile): Cadeprom Kooperatiba.
- Dos Santos Selma (Brasil): M.S.T. Movimiento sin Tierra.
- Dos Santos Junior Gilberto (Brasil): M.S.T. Movimiento sin Tierra.
- Fafael Maria Victoria (Mozambike): Eskualdeko Garapen Integrala Programa (mundukide).
- Wiridiano Bonifacio (Mozambike): Eskualdeko Garapen Integrala Programa (mundukide).
- Mendoza Carrillo Miguel (Guatemala): Victoria R.L. Kooperatiba.
Bisita ugari
Ikastetxe eta lantegi ugari bisitatuko dituzte. Eskola Politeknikoan, HUHEZIn, Arizmendi Ikastolan eta Arantzazuko Artzai Eskolan izango dira, besteak beste.
Hauek dira martxoan zehar, "Truke-Programa"ko partaideek bisitatuko dituzten enpresatako batzuk: Goiena, Erkop, Fagor (Garagartza, Ederlan eta Industrial), Eroski, Orkli, Bizkaigane, Lanki, Saiolan, Irizar, Lurlan Coop., Behi Alde. Gainera, Nafarroa eta Iparraldea ere bisitatuko dituzte.
Horretaz guztiaz gain, hitzaldiak eta mahainguruak izango dira egitarauaren barne.
Mundukide Fundazioa
Mundukide Fundazioa 1999. urtean sortu zen, Arrasateko Mugimendu Kooperatiboan garatu zen hausnarketa baten ondorioz. Kooperatibismoaren oinarrian dagoen elkartasun printzipioa berrindartzeko eta gaurkotzeko hausnarketa izan zen hura.
Hausnarketa honetan, Hirugarren Munduaren alde lanean diharduten Gobernuz Kanpoko Erakundeek ere parte hartu zuten. Arrasateko esperientzia kooperatiboa garapen bidean dauden herrialdetako komunitateentzako erreferentzia egokia zela ondorioztatu zen.
Garapen bidean dauden herrialdeekin lankidetzan eta kooperazioan jarduteko konpromezua jasotzen du Mundukide Fundazioak.
Bi lan eremu ditu Mundukidek:
- Interkooperazio Sistema.
- Eskualde Garapen Integrala.
Interkooperazio Sistema barruan bost elementu edo aktore ezberdin daude. Horietako bat da "Garapen Komunitariorako Esperientzien Trukea".
Herri Ekonomia Komunitate-Kooperatiben eta Arrasate inguru kooperatiboaren (enpresak, gizarte-erakundeak, hezkuntza arlokoak...) arteko esperientzien trukaketa intentsiboa da.
Urtean behin egiten da eta hilabete batez egoten dira Hegoaldeko herri pobretuetako ordezkari hauek gure artean.
Filosofia eta oinarrizko irizpideak
Hauek dira Mundukide Fundazioak bere jardunean jarraitzen dituen filosofia eta oinarrizko irizpideak:
- Ekimen produktiboak bultzatzen dituzte, lan mundua dute abiapuntutzat.
- Garapena iraunkorra izan dadin lehenengo arlo sozioekonomikoa sortzen ahalegintzen dira, hori da eta gainontzeko esparruak eutsi eta garatuko dituena (hezkuntza, osasuna, azpiegiturak...) Horiek sortzean, era berean, erraztu egiten da ekimen produktiboen hazkuntza eta biderkatzea.
- Endogenoa izan dadin, edozein proiektu, bertako talde eragileak aurkeztu behar du Mundukiden, horren bilakaera ere bertakoek egin behar dute. Mundukidek, bidean sortzen diren arazo eta oztopoak askatzen laguntzen die. Protagonismoa baina, eurena izan behar da. Interkooperazioa egiteko modu honekin handitu egiten da tokian tokiko eragileen konpromezua eta iniziatibaren berezkotasuna.
- Kooperatiba bat, eta beste bat, eta abar. sortuz, sareak eta talde indartsuak zein biderkatzaileak sortzen eta ehuntzen saiatzen dira. Kooperatiba batek, sare honetan, ondokoa eutsi eta bultzatu egiten du.
- Autogestioan oinarritzen diren eta izate komunitarioa duten egitasmoekin egiten dute bat. Autogestioa beren arazoak konpontzeko sistema bezala hautatzen duten herriekin. Kooperatiba formulak, garapen bidean dauden herrialdeentzat, enpresa egiteko izaera sozialagoa du; Partehartzaileentzat motibagarriagoa da eta enpresa ikuspegitik begiratuta eraginkorragoa, hegoaldeko herri hauek daukaten kapital bakarra beraien lana baita.
- Epe luzeko konpromezuak hartzen dituzte "ez baitago egun batetik bestera garapen miraririk".
- Bertako kultura eta bizimoldeak ulertzen eta beraiengandik ikasten saiatzen dira, askotan ahaztu egiten diren ikasgaiak izaten dira.
- Komunitate eta pertsonen arteko erlazioak mantentzen dituzte. Harreman horietan esperientzia elkartrukeak izaten dira; ikasi eta erakutsi, bi norabideko harremana.
- Herri libre eta indartsuak izateko bokazioa, eta pobreziatik, norberak atera behar duela bere burua trasmititzen saiatzen dira, inoren opariei itxaroten egon barik.
Erantzun
Sartu