Eramangarria izango da, egunkaria bezala; irakurterraza; etengabe eguneratzeko modukoa; elkarreragilea eta multimedia. Hala ere, egunkari elektronikoak oztopo franko gainditu beharko ditu oraindik ere. Suedian ari dira probatzen.
Svenake Brostom kazetari suediarrak aurkeztu zuen egunkari elektronikoa Esteponako Goi Bileran, bere kazeta, Sundsvalls Tidning, eta Suediako beste hamahiru egunkari ari baitira proiektu hau garatzen, Philips multinazionalarekin batera.
Brostom jaunaren iritziz, egunkari elektronikoak bi alorren ezaugarririk onenak uztartuko ditu: egunkaria eta Internet. Abantaila ugari ikusten dizkio e-paper delakoari: edukien banaketa askoz ere bizkorrago egingo du, eta merkeago; mesede egingo dio ingurumenari, askoz ere arbola gutxiago behar izango dira-eta, egunkariekin ez bezala; energia gutxi kontsumituko du; eta zerbitzu gehiago izango ditu, egunkarietan agertzen ez direnak.
Bi teknologiatan oinarrituko da egunkari elektroniko hau: tinta elektronikoan eta SmartPaper delakoan, paper adimendunean, alegia. Philips-ek hainbat talde ditu lanean proiektuan Malmoen, Los Angelesen eta New Yorken. Ez dabil bakarrik, ordea. Lehen aipatu ditugun Suediako egunkariez gain, Europako enpresa handi zenbait ari dira esku hartzen proiektu honetan, hala nola, Thomson, Nokia, BBC eta Le Monde, besteak beste.
Formatu bitxia
Brostom jaunak erakutsi zigun egunkari elektronikoaren prototipo bat. Eta, egia esan, tamaina arraro samarra du, Din-A5, hau da, guk erabiltzen dugun Din-A4aren erdia justu. Beraz, testuak oso laburrak izan behar, halabeharrez. Bera, ordea, ez zen horrekin kezkatzen, esan baitzuen jende gazteak nahiago dituela formatu txikiak, tabloideetan esate baterako.
Diseinatzaileek, hortaz, apustu latza izango dute, nola aurkeztu edukiak hain formatu txikian. Guk ikusi genuen prototipoak ez zirudien oso erakargarria, baina oraindik bederatzi bat hilabete falta omen zaizkio gailu honi merkaturatzeko, beraz, uste izatekoa da tarte horretan oraindik ere hainbat aldaketa egingo dizkiotela.
Edukiak honela zeuden banatuta prototipoaren azalean: hiruzpalau albiste nagusi, eguraldia, aurkibide bat tokian tokiko albisteak bilatzeko, eta gainerako zerbitzuak (burtsa, telebista ).
Edukiak, formatuen arabera banatuta
Hemendik aurrera, bada, komunikabideek hainbat formatutan banatu beharko dituzte edukiak, nolako hedabidea aukeratzen den:
Bederatzi hilabete barru, kalean
Hasieran egunkari elektronikoa saldu egingo da, elektronikako dendetan nahiz egunkarietan. Garestia izango da, ordea, 300-400 euro balioko baitu, baina Brostom jaunak esan zuen, Suedian behintzat, hainbat egunkarik doan banatuko dituztela beren harpidedunen artean.
Bost urtean espero du sartuko dela merkatuan, eta orduan bihurtuko da paperezko egunkariek inoiz izan duten arriskurik handiena, izan ere, egunkaria bera bezain erraza izango baita irakurtzeko, ez baita informatikarik jakin behar aparailu hau erabiltzeko.
Arbel elektroniko hauek, informazioa eskaintzeaz gain, aukera emango dute Interneten nabigatzeko, telefono zerbitzuak kudeatzeko eta PDA batek ematen dituen eskaintzak egiteko. Hasieran formatu zurruna izango omen dute, nahiz eta dagoeneko ari omen diren formatu malguak probatzen, tolesta daitezkeen horietakoak.
Erantzun
Sartu