Lazarragaren eskuizkribua: Hegoaldeko euskarazko testu zaharrena aurkezten da gaur
Hegoaldeko euskarazko testu zaharrena aurkeztuko du gaur arratsaldean Gipuzkoako Foru Aldundiak: Juan Perez Lazarraga, Larrea dorreko jaunak XVI. mendearen bigarren herenean idatzitakoa da. Oñatiko euskara darabil; koplak, bertsoak eta kontakizunak dira, gai profanoan ingurukoak.
Eskuizkribuaren ezaugarriak
Liburu bat da plegu laurdenean egina 51 orri dituena. Beraz, guztira 100 orrialde baino gehiago, ia guztiak euskaraz idatziak. Itxura du (orri zenbaki bikoitzengatik eta beste xehetasun batzuengatik) liburu luzeago bat osatzeko lan zirriborro edo zati bat dela eskuizkribua. Lehen lau orriak moztuta daude, baina beste guztiak ongi eta erraz irakur daitezke.
Orri ertzetan eta oinetan ohar mordoxka bat dauka, gehienetan gazteleraz idatziak. Baita ere, idazkera probak egiteko erabilia izan zen askotan, sinadurak eta garai hartan asko erabiltzen ziren monogramak agertzen baitira.
Egilea, data, idazkera, hizkuntza
Borja Aginagalde historialariak egin duen lehen azterketaren arabera, ez dago zalantzarik egilea Juan Perez Lazarraga izan zela, Larrea dorreko jauna dela idazlea.
Lazarragatarrak leinu zabala dira, adar asko dituena barreiaturik Oñatin eta Agurain nahiz Zalduondo inguruko Arabako ordekan. Leinu berezia da: politikan, armadan, erregeren zerbitzuan eta abarretan nabarmendutako kideez gain, genealogiazale ospetsu bat eman zuen, leinuaren genealogia osatzen urte asko eman zuena; lana 1589an amaitu zuen, eta haren kopiak gordetzen dira artxibategi pribatuetan. Hain zuzen ere, genealogista ospetsu hori da eskuizkribu honen egilea.
Hori hala izanik, ez dago zalantzarik, ezta ere, eskuizkribua 1560ko hamarkadan idatzia dela. Idazkerak ere hori adierazten du, adituen arabera, Pizkunde garaian usatzen zen letra moldea eta idazkera baino antzinagokoa baitu testuak. Gainera, itxura guztien arabera esku bakarrak idatzia da testua osorik.
Jakina, egileak oñatiar jatorria zuenez, euskara ere mendebaldekoa da orobat. Azterketa xeheagoak etorriko dira, dudarik gabe, hizkuntzaren aldetik, baina lehen begiratuan argi ezagutzen da Oñatiko euskara moldea.
Pasarte batean, bertso edo kopla batzuk euskaraz eta gazteleraz ematen ditu.
Edukia eta gaiak
Eskuizkribua gai profanoetakoa da erabat: amodiozko koplak, bertsoak eta gisakoak. Bertso sail luze bat dauka Aguraingo erreketaren historiaz.
Gauza bitxi askoa ere badauka eskuizkribu honek: bertso batean eusquel erria aipatzen du, horrelaxe («çegaiti doçun eusquel erria / aynbat bentajaz dotadu»).
Xehetasun polit bat: orri baten ertzean Philipe Ruiz de Ybarreta batek izenpeturik uzten du, gazteleraz, emakume batekin izan zuen sexu harremana: «yo obi a Anacho Audicana a diez y 7 dias del mes de julio de este año de seicientos y 7, quando bine de Galarreta, y fue en el stablo sin dar de comer a los caballos, y por la verdad firme fecha ut supra. Philipe Ruiz de Ybarreta».
Eskuizkribua sarean
Zorionez, Gipuzkoako Foru Aldundiak eskuizkribua digitalizaturik jarri du sarean. Irudiak JPG formatuan daude, pantailako bereizmen arruntean, baina berezimen handiko irudiak ere eskura daitezke, goiko lupan klik eginda.
Pasarte esanguratsu batzuk:
- eusquel erria ageri den orria (erdi aldean)
- bertsoak euskaraz eta gazteleraz
- Philipe Ruiz de Ybarreta-ren aitortza
- Aguraingo erreketaren historia
- izenpe edo monogramak, tartean Lazarraga egilearena berarena
Erantzunak kargatzen...