Teknologia albisteak

Teknologia berriak ia ikusezin ereduzko prosan

Erabiltzailearen aurpegia
Joxe Aranzabal
2004-02-16 : 12:02

Zenbait hitz esanguratsu —ordenagailu, Internet, posta elektronikoa, bilatzailea, nabigatzailea…— sartu ditut Ereduzko Prosa Gaur datu basean, eta ikusi dut oso gutxi agertzen direla, edo bat ere ez.

Ereduzko Prosa Gaur egitasmoa iazko azaroan aurkeztu zen Donostian, eta egia esan, gero eta gehiago erabiltzen dut, zalantzak argitzeko edo, besterik gabe, jolas moduan.

Datu base honetan biltzen dira 87 prosa liburu, 1998-2002 urteen artean idatzitakoak, eta EHUren Euskara Zerbitzuko adituen iritziz, gaur egungo ereduzko prosa osatzen dutenak.

Horiek horrela, aurrekoan galdera bat egin nion neure buruari: zenbateraino ispilatzen ote dira teknologia berriak gure ereduzko prosagileen artean? Izan ere, ez dut zalantzarik egiten azken urte hauetan zenbait teknologia berrik erabat aldatu dutela gure bizitzeko, lan egiteko eta komunikatzeko modua. Esate baterako, ordenagailua, Internet, posta elektronikoa, bilatzaileak, nabigatzaileak, CDak, etab., etab.

Ordenagailua, 59 aipamen

Euskal Herrian lehen ordenagailuak joan den mendearen 80. hamarkadan hasi ziren agertzen kontsumoaren merkatuan, baina harrezkero bide luzea egin dute. Hedabideetan, enpresetan, administrazioan eta idazleen artean ia ez dago ordenagailua erabiltzen ez duenik.

Aitzitik, sartu dudanean ordenagailu hitza ereduzkoan, 38 esaldi baino ez ditut aurkitu, 13 liburutan banatuta. Badaezpada konputagailu ere sartu dut, hau ere onartuta baitago Euskara Batuaren Hiztegian. Orain 15 esalditan agertu da hitza, bi liburutan banatuta. Zer gerta ere, baina, ordenadore hitza sakatu dut, eta hemen 6 esaldi agertu zaizkit, 5 liburutan agertzen direnak.

Guztira, 59 aldiz agertu zait ordenagailua, hiru aldaera horietan, milioika hitzen artean. Hutsaren hurrengoa, gogoan izanda nolako eragina duten traste hauek gure bizitzan.

Internet, 28

Honek ere sekulako eragina izan du, batez ere azken urteotan, baina Internet berba sartu dudanean, ikusi dut bakarrik agertzen dela 28 esalditan, zazpi liburutan barreiatuta. Pello Salburuk aipatzen du hitz hau gehien, 15 aldiz, alde handiarekin.

Posta elektronikoa, 2

Froga gero eta etsigarriagoa bihurtu zait. Posta elektronikoa sartu, eta bi esaldi baino ez ditut aurkitu, beste horrenbeste liburutan. Pello Salaburuk eta Aingeru Epaltzak aipatzen dute. e-mail edo e-posta hitzak sartuz gero, ordea, hutsa, ez dago emaitzarik.

Bideoa, 46

Arnas apur bat hartu dut hitz hau sartu eta gero: 46 esaldik aipatzen dute bideoa, 19 liburutan zehar. Xabier Mendiguren Elizegik aipatzen du gehien, 13 aldiz, Jon Arretxe atzerago duela, 6 aipamenekin.

CDa, 7

Eta zer esan aspaldi batean CD-Rom moduan ezagutzen genuenaz? Hau 7 bider agertu zait ereduzkoen artean, 6 liburutan banatuta.

Agertzen ez direnak

DVD hitza behin bakarrik agertzen da, Jon Alonsoren liburu batean, baina kalkulagailua edo kalkuladora, behin ere ez. Zero. Eta bilatzaile hitza (pentsa zenbat erabiltzen dugun Google edo Aurki) behin ere ez da agertzen zentzu honetan. Nabigatzailea ere ez, nahiz eta guk egunero erabili Explorer, Mozilla, Netscape, Opera edo Safari. Hitz hauek ez dira oraindik iritsi ereduzko prosagileen artera.

Hauek izan dira nire jolasaren emaitzak. Ondorioak ateratzea, berriz, zuen esku uzten dut.

Erantzun

Sartu