Zientzialariek esan dute esperimentu honen bidez nahi dutela zelula amak sortu, Alzheimer bezalako gaixotasunei aurre egiteko, eta ez pertsonarik klonatu. Esperimentu hau egiteko ikertzaileek gai genetikoa hartu zuten zenbait emakume emailerengandik, eta uztartu haien obuluekin.
Metodo hau arratoietan erabili izan da orain arte, Science aldizkariak jakitera eman duen bezala, baina lehen aldiz eman du fruiturik gizakien artean. Horregatik, nazioarteko zientzialarien komunitateak uste du honako hau aurrerapauso handia izan daitekeela gizakiak klonatzeko bidean. Izan ere, zientzialariek iritzi diote honako hau izan dela lehen saio serioa giza klonazioaren inguruan.
Seulgo Unibertsitateko ikertzaile talde batek egin du balentria hau, Woo Sung Hwang doktorearen gidaritzapean. Taldeak 30 giza enbrioi klonatu ditu guztira.
Eztabaida piztu
Aurkikuntza honek berriro piztuko du eztabaida, etikoa ote den gizakiaren enbrioiak klonatzea, Berria egunkariak adierazi duen gisa. AEBetan Bushen administrazioak kendu egin zituen diru publikoak horrelako esperimentuetarako. Europan, aldiz, Erresuma Batuak bakarrik onartzen du giza enbrioiak klonatzea helburu terapeutikoekin. Espainian eta Frantzian onartuta dago enbrioiak erabiltzea zelula amak lortze aldera, baina debekatuta dago enbrioiak berariaz sortzea edo klonatzea, ikerkuntzarako.
Dena dela, dagoeneko entzun dira zenbait erantzun nazioartean, eta hauek poza erakutsi dute aurkikuntza honen aurrean. Australian, adibidez, Suzi Leather Giza Ernalkuntza eta Enbriologiako Agintaritzako lehendakariak esan du Seulgoa urrats oso esanguratsua dela terapia berriak garatzeko, eta honi esker gaisoei zelulak transplantatu ahal izango zaizkie, haien premien arabera.
Erantzun
Sartu