Internet bidezko negozio berri honetan, dagoeneko 2 milioi pertsona baino gehiagok parte hartu dute. Ideiak izugarrizko arrakasta izan du eta ondorioz, bezeroak lortzeko borrokan dabiltza Interneteko atariak. Legeetan adituek beren desadostasuna azaldu dute.
Gaur egun, 180 herrialdetako 2,5 milioi pertsona baino gehiago dira ilargian edo Marten lurrak erosi dituztenak. Guztira, milioi bat dolar inbertitu dira partzela estralurtarretan. Badirudi bat baino gehiagok ilusioz jarraitzen dituela azterketa eta bidaia espazialak. Space.com webguneak argitaratutako txosten baten arabera, geroz eta gehiago dira etxebizitzaz aldatu nahi dutenak, alegia, ilargira joan nahi dutenak.
"Espazioko abokatuak"
Espazioari dagokionez, nazioarteko tratatuek lege hutsuneak dituzte. Denborarik galdu gabe, "espazioko abokatuak" izenez ezagutzen diren iruzurgileek Internet bidezko negozioari etekinak ateratzen dihardute. Ilargiko eta Marteko lurrak saltzea iruzurra da. Erokeria edota txorakeria badirudi ere, negozioa gorantz doa. Bitartean, legeetan adituak eztabaidan murgilduta daude.
19,19 dolarrengatik (bidalketa gastuak aparte) ilargian edo Marten lur partzela bat eskuratzen du bezeroak, bertan eraikitzeko eskubideaz. Nahiz eta konpententzia izan, Lunar Embassy enpresa da "salmenta" mota honen saltzaile nagusiena. Denis Hope, enpresaren sortzaileetako baten aburuz, beraiek dira eguzki-sisteman dauden planeten jabeak, Lurrarenak izan ezik. Legeari begiratuz, baieztapen horrek ez dauka ez hanka ez bururik, 1967an eginiko nazioarteko akordio batek Lurraz kanpoko jabetza pribatua debekatzen baitu.
Etorkizuneko arazoak
Marte eta ilargiaren jabe direla esaten duten enpresek bezeroari zera ematen diete: jabetza titulu bat eta mapa bat. Lunar Embassy-ren arabera, espazio lurretan 1.500 partzela saltzen dira eguneko. Hope-k dio 70 mila dolar gastatu zituela iaz, bere enpresa babesteko eta konpetentziari aurre egiteko. Autore eskubideekin izandako arazoen ondorioz, konpetentzian zeuden enpresa batzuk itxi egin behar izan zuten.
Legeetan adituek diote salmenta horiek ez dutela inongo oinarri juridikorik. Horrela, "auzi kosmikoak" aurreikusten dira. George W. Bush-en esanetan, gizakia kosmosa konkistatzera bideratuta dago. Espazio Legeen Nazioarteko Institutua txosten batean lanean ari da; horrela, Lurra ez den planeta bateko jabetza erreklamazioak baliogabetu nahi dira.
Erantzun
Sartu