Hamasei urte zituela, AEBetako arma laboratorio baten sare informatikoan sartu, eta alarma eragin zuen. Bi urte geroago, Londresko epaile batek zigortu du hacker hura 200 ordu egitera, komunitatearen zerbitzura. Zigor honek, berriz, protesta ugari eragin ditu, leuna omen delako.
Joseph McElroy, 18 urteko ikasleak justu-justu saihestu du kartzela. Orain bi urte, sartu egin zen AEBetako arma laboratorio sekretu baten sare informatikoan, eta izu nuklearra eragin.
Ikara hedatu aurretik, baina, gainditu egin zituen enpresaren sekuritate sistema guztiak, berak asmatutako programa batekin, Deathserv delakoarekin. Orain aitortu duenez, erabili nahi zuen enpresaren zerbitzaria saretik filmak eta musika jaitsi, eta hantxe gordetzeko.
Hasieran inor konturatu ez, baina mutilak legunei kontatu beharrak galdu omen zuen: beste hacker batzuek haren berri jakin bezain laster, inbasioari ekin, harik eta erabat moteldu zuten arte enpresaren sarea. Enpresako teknikariak ohartu, eta alarma guztiak eragin: hiru egunez ordenagailuak itzali, eta AEBetako Energia Departamenduaren esku ezarri zuten.
Amerikarrek eskatuta, Scotland Yardek berehala antzeman zuen sudurluzea, eta auzitegietara eraman.
Epaile barkabera
McElroy gazteak, gaur egun ikasten Exeter Unibertsitatean, erruduntzat jo zuen bere burua epailearen aurrean, baimenik gabe aldatzearren ordenagailu baten edukiak, 2002ko ekainaren 10a eta 25a bitartean.
Andrew Goymer epaileak, berriz, erantzun zion zorte handia zuela, joango ez zelako espetxera, nahiz eta izua zabaldu zuen, AEBetan pentsatu baitzuten terroristen erasopean zeudela.
Auzia erabakitzeko orduan, ordea, epaileak nahiago izan zuen kontuan hartzea mutilak ez zuela egindakoa egin kaltea eragin nahian, eta 200 orduko zigorra ezarri zion, komunitatearen alde egin beharrekoak.
Estatu Batuetan haserre agertu dira zenbait hedabide, erabaki honen aurrean.
Erantzun
Sartu