Teknologia albisteak

II. Korrikarako beka deialdia

Erabiltzailearen aurpegia
sustatu - AEK-ren prentsa bulegoa
2004-01-29 : 21:01

Kultur ekimenetan jende aurrean aurkez daitezkeen lanak sortzen laguntzea xede duen ekimena da. Lehenengo KORRIKA-AEK Beka, Korrika 13ren Korrika Kulturalaren ardatz nagusia izateko asmoarekin jaio zen, baina aurrerantzean Korrika guztietan egiteko esperantzarekin. Bada, horrela izango da.

Bekaren oinarriak AEKren webgunean www.aeknet.net , eskuratu daitezke, AEKren euskaltegietan zein AEK-k Baionan, Bilbon, Donostian, Iruñan eta Gasteizen dituen bulegoetan. Hauek dira beka eskuratzeari begira aintzat hartu beharreko batzuk:

  • Edozein ekitaldi kulturali irekia: Oinarrietan zehazten denez, arte eszenikoen arloan koka daitekeen edozein ekitaldi kultural, hau da, eszenatoki baten gainean aurkez daitekeen edozein ekitaldi motak edukiko du Beka jasotzeko aukera, agertzen diren baldintzak betez gero, hau da, euskaraz sortutako egitasmoak izatea, orain arte inon aurkeztu gabeak. Saritutako ekitaldia Korrika Kulturalean txertatuko bada ere, horrek ez du esan nahi ekitaldiaren gaia euskararekin edo Korrikarekin zuzenean lotuta egon behar denik: gaia guztiz librea da.
  • Epeak eta aurkeztu beharrekoak: Proiektuak 2004ko maiatzaren 3a eta 7a bitartean aurkeztu behar dira AEK-ko hiriburuetako edozein egoitzatan. Agirien artean, honako hauek aurkeztu behar dira: egileen curriculum laburra, landu nahi den proiektuaren azalpena, lau arlo izango dituena: lanaren nondik norakoa, zein baliabide tekniko erabiliko diren, egilearen ustez zergatik den interesgarria aipatutako lana Korrika Kulturalarentzat, eta ikuskizunak beharko dituen aparteko baldintza teknikoak; eta, amaitzeko, proiektuaren aurrekontua ere aurkeztu beharko da. Epaia ekainaren 30ean jakinaraziko da eta irabazleek 2004ko azaroaren 30era arteko epea izango dute bekaren objektu den ikuskizun osoa prest edukitzeko.
  • Dirutan eta emanalditan: AEK-k eta Korrikak bi eratara lagunduko diote saria jasotzen duen lanari; alde batetik, aipatutako lana ekoitzi ahal izateko diru kopuru bat jarriko du, eta beste aldetik, lan horri emanaldi kopuru bat ziurtatuko dio Korrika aurretik antolatuko den Korrika Kulturalaren egitarauaren barnean. Horrelako egitasmo bati egin dakiokeen mesederik handiena jendearen eskura jartzea da. Izan ere, mota honetako ekitaldi kulturalek euren baliorik behinena jendearen eskura jartzen diren neurrian lortzen dute. Aurreikusitako diru kopuruak honako hauek dira: 9.000 euro lana ekoitzi ahal izateko, eta 5.000 euro, gehienez, emanaldi bakoitzeko, (hamar bat emanaldi antolatzea aurreikusten da).
  • Akzesitak ere bai: Beka honekin, Korrika Kulturalaren ardatz izango den ekitaldi nagusia ekoitzi nahi du AEK-k. Baina, horrez gaiz, egile berriei euren sormenaren emaitza jende aurrean aurkezteko aukera eman nahi die. Horregatik, lan bat bekatzeaz gain, beste zenbait lani akzesitak emateko aukera jasotzen dituzte Bekaren oinarriek, eta AEK-k aintzat hartuko ditu aurkeztutako lan guztiak bestelako kultur egitarauak antolatzeko orduan.
  • AEK-k dei egiten die egile guztiei, gazteak zein helduak, eskarmentu handikoak zein euskal kulturaren esparruan euren lekua topatu nahirik dabiltzanak, arlo batekoak edo bestekoak, Korrikak eta AEK-k eskaintzen dieten aukeraz baliatu eta lanari ekin diezaioten. Eta kultur eragile guztiei egitasmo honen berri euren inguruan eman dezaten.

Erantzun

Sartu