Nolakoak dira "monchina" behia, euskal txerria, "terreña" behia, euskal Artzain-txakurra, Enkarterriko "villanoa" txakurra, euskal antzara edo azpigorri ahuntza? Orain, boletinean ofizialki deskribatu dituzte.
Nolakoa da euskal txerria ? Bada, besteak beste, arraza eumetrikoa, subkonkaboa eta sublongilineoa da. Bekoki-sudurren soslaia subkonkaboa da. Buruak itxura konikoa du, aurrerantz eta behetik gorantz irteten den muturrarekin.
Belarriak zabalak eta luzeak dira. Horizontaletik behera erortzen den zatiak begiak erabat estaltzen ditu eta askotan muturra baino beherago jaisten da. Abere oso gazteek zimurrak edukitzen dituzte muturraren atzetik. Heldu ahala zimur horiek galdu egiten dituzte eta beste batzuk agertzen zaizkie bekoki aldean, belarrien lotuneen ondoan.
Lepoa laburra da, sendoa, lepogain nabarmenarekin. Lepapea mehea da. Lepoa, aurreko heren guztian, soinkurutze nabarmenean amaitzen da.
Eta Enkarterriko villanoa txakur-arrazako txakurrak? Bada, hauek tamaina ertaineko txakurrak dira, longilineoak eta egitura trinkoa dutenak. Burua eta bularraldea zabalak dituzte, eta aurreko heren guztia guztiz sendoa eta gihartsua.
Gogor itxura dute, eta sexuen arteko dimorfismoa nabarmena da. Jabearen ondoan bizi-biziak eta arinak dira. Ezezagunen aurrean begiak erne eta serio egoten dira. Sarritan belarriak zuzen mozten dizkiete. Ilea barreatua dute, abeltzainek esaten dioten bezala; nabarra edo marraduna. Burua mesozefalikoa da, trinkoa, baina ertz garbiak eta definituak ditu. Burezur-aurpegien ardatzak pixka bat dibergenteak dira. Burezurra: Mesokraneotoa eta subkonbexua da. Garondoko gandorra ez da oso irtena
Euskal antzara lepaperik eta mototsik gabeko antzara da, sabelaldeko poltsak ondo garatuak dituena. Burua sendoa eta nahiko handia dauka, bekokia apala, burezurra biribila. Masailak nahiko estuak dira, eta arrakala leuna dute; begien parean hasten da, begi azpian du sakonerarik handiena, eta bi barailen artean berriro nabarmentzen da.
Mokoa ertaina da, ondo finkatua, beheko aldea laburtxoagoa du, goiko aldeak bekokiarekin lerro zuzena egiten du eta punta kakoa du. Mokoaren kolorea laranja argia da, puntan arrosa-zurixka. Begiaren irisa gaztaina-kolorekoa da, eta begi-sarea, laranja argia.
Lepoa luzera ertainekoa da, emearena laburragoa. Ia erabat zilindrikoa, baina oinarrian apur bat zabalagoa burezurrarekin lotzen den muturrean baino. Tente darama eta gorputz-enborrean ondo sartuta dauka.
Azpigorri ahuntza arraza gogorra da, sublongilineoa eta soslai subkonkaboa duena. Bekokia zabala dauka, aurpegirantz zertxobait ahurra emeetan eta zuzena arretan.
Adarrak uztai-itxurakoak dira (aegagrus motakoak), ondo garatuak, arretan luzeagoak eta sendoagoak. Batzuetan ez dute adarrik. Belarriak luzeraz eta zabaleraz ertainak dira, punta-motzak, horizontalak eta oso mugikorrak. Begiak tamaina ertainekoak dira, inklinatu samarrak, aurpegiko lerroaren atzetik eta orbita apur bat markatuekin.
Muturra zabala eta sakona da, soslai biribilekoa, sudurzulo zabalekin, eta ezpainak meheak eta irmoak, ezpain-komisura sakona eratzen dutenak. Zintzurra erabat definitua da. Lepoak sexu-dimorfismo nabarmena ageri du. Emeetan luzera ertainekoa da, ertz-zuzena eta gihartsua, sekzioa zertxobait zilindrikoa du eta gorputz-enborrarekiko lotunea apur bat zabalagoa du buruarekikoa baino. Arretan oso lodia da eta lotuneak zabalak ditu, batez ere enborrarekikoa.
Nahi izanez gero, Euskal Artzain-txakurra , Monchina behi-arraza edota Terreña behi-arrazen ezaugarrien berri duzu.
Erantzun
Sartu