Teknologia albisteak

Hizkuntza Teknologien Ikerketa Euskal Unibertsitateetan

Erabiltzailearen aurpegia
Ainhoa Latatu - UEU
2003-11-27 : 10:11

Bihar ostirala, azaroak 28, HIZTEK (Hizkuntza Teknologiak) graduondokoaren lehenengo mintegia izango da UEUren Ikastetxe Nagusian.

Topaketa honek helburu bikoitza du.

  • Alde batetik, ikerketa-taldeon aurkezpenarekin gure unibertsitateetan dugun hizkuntzari buruzko ikerkuntzaren ikuspegi zabala lortuko dugu. Ikasleentzat oso informazio baliozkoa izango da beren ibilbide profesionala bideratzeko orduan eta irakasle-ikerlariontzat zer esanik ez, dauden hutsuneak, teilakatzeak, etab. aztertzeko.
  • Bestetik, talde hauen arteko elkarreraginak eta lankidetzak ere saiatuko gara aztertzen, lanaren eraginkortasunaren mesedetan. Eta atal berezia eskainiko diogu hizkuntza teknologien erabilerari. Ikusiko dugu nola dagoen honen aplikazioa ikerketa teorikoan, eta oro har, bi ikerketa-bideek elkarri egin diezazkioketen ekarpenez arituko gara. Zuen presentzia eta ekarpenak oso interesgarriak izango lirateke.

Noiz eta non: ostiral honetan, hilaren 28an, Eibarko Markeskoa jauregian, UEUko egoitza nagusian, arratsaldeko 16etan.

Mintegi edo mahai-inguruaren titulua: " Zer ikertzen da euskal unibertsitateetan hizkuntzari buruz eta hizkuntza teknologiari buruz? Ikerketa-talde batzuen aurkezpena."

Hizlariak:

  • Itziar Laka: EHUko Gasteizko Filologia Fakultateko irakaslea da. Hizkuntzalaritza teorikoari buruzko ikerketa eramaten du aurrera eta azkenaldian neurolinguistika du aztergaia.
  • Itziar Idiazabal: EHUko Gasteizko Filologia Fakultateko irakaslea da. Bere ikerlerro nagusia hizkuntz jabekuntzari buruzkoa da.
  • Igone Zabala: EHUko Filologia Fakultateko irakaslea Leioako kanpusean. Hizkuntzalaritzari buruzko ikerketan dihardu, morfologian eta sintaxian batez ere.
  • IXA taldeko kide bat: hizkuntzalaritza konputazionalari buruzko proiektuak lantzen dira IXA taldean.
  • Andoni Barreña: Salamancako unibertsitateko irakaslea da. Hizkuntz jabekuntza lantzen du bere ikerkuntzan eta orain Mondragon Unibertsitateko proiektu batean dago haurren hizkunten jabekuntzari buruz.
  • Ricardo Etxepare (konfirmatu gabe): Frantziako CNRS ikerketa-zentroan dabil lanean eta hizkuntzalaritza teorikoaren inguruan lan egiten du.
  • Joseba Abaitua: Deustuko Unibertsitateko irakaslea da. Hizkuntzalaritza konputazionala lantzen du eta azkenaldian itzulpen automatikoari buruzko proiektuetan parte hartzen ari da.

Informazio gehiago:

Hona idatzita edo 943 821426 telefonora deituta.

Erantzun

Sartu