Teknologia albisteak

Anboto Irratia jaio da, Durangalderako

Erabiltzailearen aurpegia
sustatu - sustatu
2003-11-10 : 12:11

Gaurtik aurrera, Durangaldeak irrati euskalduna izango du: Anboto Irratia, eta nahi duenak dialaren 107.1ean aurki dezake. Durangaldeko Herri Komunikabideen elkarteak kudeatuko du, baina Elorrion izango du etxea.

Anboto Irratiak euskara hutsean emitituko du, egunero 24 orduz, eta Durangaldeko herri gehienetan entzungo da: Abadiño, Atxondo, Berriz, Durango, Elorrio, Ermua, Garai, Iurreta, Izurtza, Otxandio eta Zaldibarren.

Hasteko, egunean bi ordu egingo ditu zuzenean, goizeko 11:00etatik 13:00etara. Ondoren, lotura egingo du Euskadi Irratiarekin, eguerdiko albisteak-eta emateko. Eta gainerakoan emango du musika eta grabaturiko emanaldiak.

Elorriotik Durangaldera

Berez Anboto Irratia Elorrioko Udalarena da, baina udal honetako Euskara Kontseiluak hitzarmen bat egin zuen Durangaldeko Herri Komunikabideak (DHK) elkartearekin, honek kudea dezan emisora. Hitzarmenaren bitartez, Elorrioko Udalak urtean 6.000 euro emango dizkio DHK elkarteari, irratiaren jarduera ziurtatzeko. DHK bera arduratuko da gainerako diru iturriak lortzeaz.

Oraingoz, Arriola Kultur Aretoak utzi dio lekua Anboto Irratiari, antzokiaren gainean, bigarren solairuan, Elorrion bertan. Irratiak dauka kontrol gela bat, erabat digitalizaturik, mintza gela eta erredakzio gela.

Bakarne Bernedo kazetaria izango da Anboto Irratiko zuzendaria. Ardura teknikoa, berriz, Ander Garaizabalek eramango du. Anboto aldizkariko kazetarien laguntza izango dute biek albistegiak-eta osatzeko. Horrezaz gain, irratiko arduradunak harremanetan dira Durangaldeko elkarte, ikastetxe eta gizarte eragile askorekin, parte har dezaten irrati berrian.

Durangaldeko Herri Komunikabideak

Durangaldeko euskara elkarteek sortu zuten orain hiruzpalau urte DHK elkartea, kudea zitzan euskarazko hedabideak bailaran.

Joan den urteko azaroaren 16an DHK-k kaleratu zuen Anboto astekaria, 28 orrialdeko agerkari bat, egunkari formatuan, eta hau banatzen da Durangaldeko 8.000 etxetan.

Orain hilabete, berriz, DHK-k anboto.org, albistaria sortu zuen, sarean lan egiteko.

Anboto Irratiak osatu egingo ditu aurreko hedabide biak, eta indartu euskarazko hedabideen eragina. Izan ere, DHK talde multimediaren hirugarren hanka izango da.

Hemen duzue Anboto Irratiaren programazioa ikusteko moduan.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago