Eroski taldeak auzitara eraman du Araceli Martin, Talaverako Enpresarioen Federazioko idazkaria, honek mezu elektroniko batean ETArekin lotu zuelako kooperatiba.
Orain arte edozeinek esan zezakeen edozer gauza Euskal Herriko enpresen gainean batez ere ETAren jarduerarekin lotuz, eta irainduak isilik. Eroskik, baina, auzitara eraman du FEPEMTA elkarteko idazkaria.
Antza denez, Araceli Martinek mezu elektroniko bat zabaldu zuen bere federazioko kideen artean eta baita kazetarei ere, non esaten baitzen Eroski eta honen langileek zerikusia dutela ETArekin.
FEPEMTA lehia bizian ari da Eroskiren kontra, honek hiper bat ireki nahi du-eta Talaveran. Eta lehia horretan denak balio omen du. Rodriguez Ibarra Extremadurako lehendakariak kontuak eskatzen badizkio Eroskiri, honek jakinarazi dezan zer iritzi duen Ibarretxe planaren gainean, zergatik ez giroa aprobetxatu eta egur gehiago bota sutara? Araceli Martinek horixe pentsatuko zuen.
Giro nahasi horretan, Gaztela-Manchako Auzitegi Gorenak geldiarazi egin ditu Talaverako hiperraren lanak, FEPEMTAren arrazoiak haintzat hartuta.
Ohorea gorde
Fernando Gago Eroskiren abokatuak esan du kooperatibak ez duela dirurik eskatuko epaiketan. Soilik nahi du gorde enpresaren eta honen langileen ohorea.
Aurrera begira, ordea, ohorea baino zerbait gehiago gorde beharko dute bai Eroskik eta baita bestelako euskal enpresek ere, hauteskunde giro honetan sekulakoak eta bi esango baitira beraien aurka.
Ni poztu egin naiz Eroskik erakutsitako jarrerarekin, iraintzeko asmoa dutenek garbi izan behar baitute euskal enpresak zikintzea ez dela musutruke. Orain arte MCC taldeko enpresa askok jasan behar izan dituzte salaketa faltsuak hortik zehar, eta erantzuna beti izan da isiltzea eta ezer ez egitea. Niri egokiagoa iruditzen zait Eroskiren jarrera.
Erantzun
Sartu