"Kurduek amerikarrei interesatzen zaienean izaten dute interes informatiboa"
GITE-IPES elkarteak eta Ez Gelditu emakume taldeak antolatuta, "Iraken etorkizuna okupazioa eta gero" jardunaldiak egiten ari dira Bilboko La Bolsa auzo etxean. Urriaren 29an, Aurora Lago, Kurdistango dokumentazio eta ikerketa zentroko koordinatzailea izan zen hizlari jardunaldietan. Kurdistango gerrari buruz aritu zen Lago.
Kurdistan, errealitate banatu baten erradiografia
Kurdistan "oso herrialde ezezaguna da" eta bere kokapenak garrantzia handia izan du Irakeko okupazioan. Kurdistan Ekialde Hurbileko herrialderik zaharrena da 5.000 urte baino gehiago dituena, baina bere lurraldean petrolio putzuak edukitzeak herrialdearen zatiketa behartu du. Sei zatitan banaturik dago; horien artean Irak eta Turkia.
"Jazarpen handia jaso duen herria" dela nabarmendu zuen Aurora Lagok. Horren ondorioz, bi milioi kurduk Turkiako hirietara ihes egin zuten, eta beste milioi t'erdi Europako herrialdeetara emigratu behar izan zuten.
Ordu erdiko hitzaldia eman ondoren, Aurora Lagok dokumental bat aurkeztu zuen kurduen jai nazionalari buruzkoa. Jai hori debekatua dago Kurdistan Turkoan. Ondorioz, egun horretan manifestazioak eta jazarpen ikaragarria jasan behar izaten dute Kurdistan Turkoko herritarrek.
Hitzaldiko atal batzuk entzuteko aukera duzue ondorengo helbideetan:
http://www.gite-ipes.com/REC01.mp3
http://www.gite-ipes.com/REC02.mp3
http://www.gite-ipes.com/REC03.mp3
Galdera - erantzunak
Zergatik egin zuten UPK eta PDK alderdiek Amerikar Estatu Batuen alde Irakeko inbasioaren aferan?
Esan dezagun bi alderdi horiek, Golkoko gerratik hasita, beti amerikarren alde egin izan dutela. Lurraldea kontrolpean edukitzeko euren laguntza dela eta, amerikarrek instrumentalizatu egin dituzte. Talaban-ek Iran aldeko lurraldea kontrolatzen du eta Barzanik berriz, Turkia aldekoa. Bi alderdi horiek 2000. urtera arte elkarren aurka egon dira, Washingtonek aliantza bat sinatzera behartu zituen arte. Eta ordutik hona, interes ekonomiko eta politikoak izan dituzte helburu nagusiak. Baina nire aburuz, herri kurduaren aldarrikapenekin ezer gutxi dute komunean, bi alderdi horiek bi familia edo klanen izenean egiten baitute dena. Horregatik, ez dut uste kurduek alderdi hauekin bat egiten dutenik. Egoera ikusita, uste dut kurduak traizionatuak izango direla berriz ere, hirugarren aldiz. Eta ez dut uste amerikarrek dituzten interes ekonomikoak medio, herri kurduari autonomia gehiago izaten utziko diotenik.
Zergatik uste duzu hedabideek kurdoen afera isilarazten dutela, Irakeko inbasioaren hasieran eman zioten kobertura informatiboaren ostean?
Nire ustez, egoera hori amerikarrek dituzten intentzioen adibide ona da. Kurduek interesa izan dute une zehatz batean, interesatu zaien bitartean eta Irakeko inbasioa justifikatzearren. Baina orain, behin inbasioa eginda isildu egin dira. Egoera erreala zera da, afera kurduak ez duela inongo interesik. Une zehatzetan bakarrik du interesa, amerikarrei interesatzen zaienean izaten dute interes informatiboa. Orain, hiri kurdu nagusiak, Mosul eta Kirkuk amerikarren kontrolpean egonik, petrolioa kontrolpean izanik, kurduak bigarren plano batera pasa dira.
Hitzaldi gehiago ondorengo egunetan
Azaroaren 4, 5 eta 6an hitzaldi gehiago izango dira. Egitarau osoa duzue jardunaldien gaineko webgunean: http://www.gite-ipes.com
Erantzunak kargatzen...