Sustatu logoa Teknologia albisteak

Espainiako Estatuak euskaldunon hizkuntz eskubideak urratzen ditu

Hizkuntz Eskubideen Behatokiak txosten bat prestatu du euskaldunon hizkuntz eskubideekiko Espainiako Administrazioak duen jarduera aztertzeko.

Txosten horren arabera Espainiako Estatuak Euskal Autonomi Erkidegoan eta Nafarroako Foru Komunitatean dituen egitura juridiko eta administratiboek ez dituzte bermatzen herritar euskaldunen hizkuntz eskubideak eta nabarmen urratzen dituzte lurralde bakoitzean indarrean dauden hizkuntz edo koofizialtasun arauak. Halaber, Estatuak ez ditu betetzen Erregio edo Gutxiengoen Hizkuntzen Europako Karta berrestean hartutako konpromisoa

Agiriak ez daude euskaraz

Paula Kasaresek azaldu duenez, biztanleen kexen arrazoi nagusia izan da Estatuko administrazioek agiriak (jakinarazpenak, inprimakiak, etab.) gaztelania hutsean bidali izana. Halaber, biztanleek kexa agertu dute Estatuko hainbat administrazioren jarreragatik, euskal hizkuntzaz idatzitako agiriak ez dituztelako onartu, euskara hizkuntza ofiziala izan arren. Gainera, biztanleek aipatu dutenez, Estatuko administrazioekin ezinezkoa da berbazko harremanak euskaraz izatea.

Ez dago modurik urraketi erantzuteko

Halaber, Paula Kasaresek azpimarratu du beharrezkoa dela hizkuntz eskubideen bermerako baliabide juridiko-administratibo berezi eta eragingarriak ezartzea, legea betetzen ez denerako. Izan ere, txosten horretan agerian geratu da ez dagoela baliabide edo mekanismorik prozedura juridiko-administratibo arruntetan hizkuntz eskubideak urratzen direnean erantzuna emateko.

Prentsaurreko honetan ere Kontseiluko Idazkari Nagusiak azaldu du Paula Kasaresek zuzendari postua utzi duela bere lanbideari jarraitzeko, eta eskerrak eman dizkio egindako lanarengatik Aldi berean, Hizkuntz Eskubideen Behatokiko Zuzendari berria Juan Inazio Hartsuaga aurkeztu du.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu