Sustatu logoa Teknologia albisteak

Eibarko euskararen webgunea aurkeztu da

sustatu - sustatu
2003-10-29 10:10

Eibar aitzindari izan da tokian tokiko hizkerak jaso eta hedatzeko orduan. Azken urteotan hainbat lan egin dira bertako berbeta aztertzeko, eta kalean dira Eibarko toponimia, kantuak, hiztegia, aditza, gaitzizenak, eta beste makina bat kontu biltzen dituzten liburuak.

Webgune berri honek, hori guztiori bildu nahi izan du, eta mundu guztiari eskaini.

Atzo izan zen aurkezpena, eta jende ugari bildu zen webgune berriari ongietorria emateko.

Eibarko liburuen katalogoa

Webgunearen lehenengo atalean, Eibarko euskararen inguruan idatzi diren liburuak biltzen dira. Guztira 23 argitalpen, herriko euskararen alor guztiak aztertzen dituztenak: toponimiatik hasi eta hiztegietara, deklinabidea, aditza, kantuak, esaerak eta historia barne. Liburuak kontsultatu eta erosteko aukera dago, eta kasurik gehienetan, baita liburuak norbere ordenagailura jaisteko aukera ere.

Eibarko Hiztegia online

Bigarren atalean, Eibarko Hiztegi Orokorra delakoa kontsultatzeko aukera dago. Proiektu honen iturri nagusia, Toribio Etxebarria idazleak duela 40 urte kaleratu zuen "Lexicón del euskera dialectal de Eibar" liburua izan da, baina lan horri egindako moldaketez gainera, iturri berriak ere landu dituzte egileek. Hasteko, azken urteotan kaleratu diren liburu berriak: besteak beste, Eibarko Esakerak eta Eibarko Hiztegi Etnografikoa. Bestetik, azken urteotan han eta hemen hainbat ikerlarik Eibarren bildutako berbak ere gehitu dira, aurreko lanen osagarri.

Horrela, guztira, 13.000 berbatik gora biltzen dituen Eibarko Hiztegi Orokorra osatu dute. Eibarko udaleko Euskara Mintegiko kideak izan dira lan hau burutu dutenak, elkarlanean.

Hiru belaunaldi webgune batean bilduta

Duela 40 urte Toribio Etxebarriak hasitako bidea Juan San Martinek eta Imanol Laspiurrek jarraitu zuten aurrena. Ondoren etorri ziren Serafin Basauri, Juanan Argotia eta Antxon Narbaizaren lanak. Eta azken urteotan gazteagoek hartu dute lekukoa, besteak beste Nerea Aretak eta Asier Sarasuak. Hiru belaunaldiren lana, webgune berri batean bateratuta, eta mundu guztiak kontsultatzeko prest. Hori izan da Eibarko udaleko Euskara Mintegiaren ahalegina eta helburua.

Beste Webgune Euskaldun Bat: www.eibarko-euskara.com

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu