Euskaltegiak neurri drastikoak hartzeko prest orain arteko politika aldatzen ez bada
Euskaltegien izenean parte hartu dute Mertxe Mugikak (AEK), Patxi Agirregomezkortak (Ulibarri), Fito Kerexazuk (IKA), eta Joxin Etxezarretak (Deustuko Euskal Irakaslegoa).
Hau da prentsaurrearen edukia:
"IKASLE GEHIAGO, DIRU GUTXIAGO"
Sailaren hipotesien aurka ikasleen matrikulazioan gorakada eman da. Hiriburuetan bataz beste %5 igo da ikasle kopurua, eta hori, administraziotik datozen ikasle kopuruak behera egin duten arren (Bilbon esaterako %45 edo %50 gutxiago).
Gobernu batek esaten badu euskaltegiak lehentasunezko sektore estrategikoa direla, ezinbestekoak garela (EBPN), eta sektore hori krisian dagoela eta birmoladaketa behar duela (Bideragarritasun Plana), nola uler daiteke sektorea diru gutxiagorekin lagundu nahi izatea eta neurri teknizista eta ekonomizisten arabera antolatu nahi izatea? Egoera kafkianoa da, izan ere oraindik ez baitago sektorea aurten arautu behar duen ebazpena.
Korrika eta presaka, eta agente guztien arteko adostasunik gabe inposatu nahi diren neurriek ez dute sektorea asetzen, areago, atzerapausua dira. Euskaltegiak zerbitzu publikoa ematen ari gara eta eman dugu urteetan, administrazioak betetzen ez duena gainera, baina ez gaituzte aintzat hartzen. Horiek dira Miren Azkarate andreak zuzentzen duen Sailak euskaltegientzat dituen planak eta jokabidea.
Finantziazioari dagokionez, taldeen araberako finantziazioa izan beharrean ikasleek jasoko dituzten orduen arabera konpondu nahi dute diru laguntzen auzia, kontuan hartu barik taldea aurrera eramateak sortzen dituela gastuak (irakaslea, prestakuntza, materiala...). Gainera, ikasleek jasoko lituzketen diru-laguntzak (ez ikasle guztiek) lehen euskaltegientzat zen diru-partida beretik aterako dira, ez da diru-kopurua handitu eta urterik urte euskaltegiei dagokien zatia gutxituz joango da. Politika kontserbadorea eraman nahi dute aurrera, euskaltegien jardunbiderako KPI ere igo gabe.
Hau al da Miren Azkaratek aldarrikatzen duen euskalgintzarako babes instituzionala? Tristea da oso euskalgintza jasaten ari den eraso eta ezbeharren aurrean jarrera zikoitz eta uzkur hauek pairatu behar izatea.
Guk zera eskatzen dugu: moldaketak egiteko adostasuna lortzea. Alde bitariko batzordea osatzea, eta urtean zehar neurriak adostea.
Miren Azkarate andrea, badaramagu hilabete bat baino gehiago zure berri izan gabe, bilera baterako eskaera ofiziala egin dizugu aste honetan eta horretan ere erantzunik ez dugu jaso. Eta hau kontua ez da berria. Ondorioz, eta aurreko guztia kontuan izanda, uste dugu ez diozula egoera honi egoki erantzun eta hortaz, ez duzula zeure eginkizuna behar bezala bete. Agian, egoera honek eskatzen dituen interes eta arreta maila bere gain hartuko dituen arduradun bat beharko genuke, ataka honi irtenbidea eman ahal izateko
Orain arteko politika ez bada aldatzen, neurri drastikoak hartzeko prest gaude, euskaltegien itxiera tenporalera heltzeko neurriak aztertzen ari baikara.
Euskaltegi Pribatu Homologatuen %85a osatzen duten euskaltegiak:
Abegi euskaltegiak, AEK-k, Batuz (Hegoalde, Herri Jakintza, Hitzez, Ilazki, Legazpi 6, Udaberria, Ulibarri eta Urrats euskaltegiak), Billabonako euskaltegiak, Deustuko Unibertsitateko Euskal Irakaslegoak, Gotzon Garitaoinaindia euskaltegia, IKA-k, Labayru Ikastegiak, Maizpide euskaltegiak, Mikelats euskaltegiak eta Ulialde euskaltegiak
Erantzunak kargatzen...