Sustatu logoa Teknologia albisteak

SOS: euriak hondatu egin du Nafarroa Oinez. Diru zor handiak

Sustatu
2003-10-19 14:10

“Goizeko 05:00etan euria hasi da, eta nahiko egiten zuen”, hasi da esaten Zuriñe Mendizabal, Ikastolen Elkarteko arduradunak Radio Euskadin, “bat-batean, haize ikaragarria harrotu da: txosnak hasi dira apurtzen, agertokiak mugitzen… izua zabaldu da denon artean, nahiz eta artean uste genuen gai izango ginela egoera kontrolatzeko. Orduak aurrera egin ahala, ordea, ikusi dugu aparkalekuak erabat lokaztuta zeudela. Eta orduan jendea hasi da iristen…”.

Negar malko saminak ikusi dira antolatzaileen aurpegietan, amorruz eta penaz. Izan ere, urtebete lanean jo eta ke aritu ondoren, dena pikutara joan baita ordu gutxi batzuetan. “Orain gastu handiak geratuko zaizkigu: ogia, okela, kaxak…, zenbait gauza itzuli ahal izango ditugu, baina beste asko ez. Hori dena ordaindu beharra dago”, segitu du Zuriñek.

Jaialdia, bertan behera

Goizeko 11:30ean Nora Uribetxebarria Arangoiti Ikastolako zuzendariak eta Zuriñe Mendizabalek prentsaurreko bat eman dute, jakinarazteko festa bertan behera geratzen zela, eguraldiak eragindako txikizioen ondorioz. “Saiatuko gara —esan du Norak Euskadi Irratian— hemen daudenak behar bezala atenditzen, baina bidean zaudetenak, mesedez itzuli etxera, hemen ezin da ezer egin eta”.

Araingoitiko Ikastolak 88 haur ditu eta gaur egun erabiltzen du 200 urteko eraikin zahar bat. Gaur atera behar zen dirua erabli nahi zuten orube bat erosi eta han ikastola berria eraikitzeko. Eguraldiak, berriz, hankaz gora bota ditu itxaropen guztiak. Orain Arangoitiko Ikastolak dirurik gabe geratu da lurrak erosteko, eta sekulako zorrekin.

SOS: nola lagundu diruz

“Ez badugu lortzen eraikin berria, bota egingo gaituzte oraingo etxetik eta legez kanpo jarriko gaituzte”, esan du Izaskun andereñoak Euskadi Irratiaren Faktoria irratsaioan. Gaixoa negarrez ari zen.

Euskaldunok ezin dugu bakarrik utzi Arangoitiko Ikastola egoera gaizto honetan. Dirua emateko ordua iritsi da, premia gorrian daude eta. Horretarako, lau kontu korronte ireki dira:

  • Euskadiko Kutxan: 30 35 00 58 35 05 80 07 76 30.
  • Nafarroako Aurrezki Kutxan: 20 54 00 41 82 91 30 48 61 74.
  • Baserritarren Kutxan: 30 08 00 42 51 12 03 79 59 25.
  • Santander Central Hispanon: 00 49 25 72 24 25 14 21 01 30.

Mila esker Euskadi Irratia eta Radio Euskadi irratiei, beraien bitartez lortu baititugu zenbaki hauek. Bai Faktoria eta Más que palabras irratsaioek lan bikaina egin dute albiste honen jarraipenean.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu