Manifestazio deia, larunbaterako Donostian
2003-10-16 16:10
Dagoeneko jakingo duzuenez, Espainiako Auzitegi Nazionalak aginduta gaur gauean guardia zibilak euskalgintzako elkarte eta euren arduradun batzuen aurkako operazioa egin du. Zortzi atxilotuen artean Kontseiluko bi zuzendaritzakide daude: Mikel Arrizabalaga Elkarlanean fundazioaren ordezkaria eta Joanmari Larrarte Berria-rena. Kontseiluaren zuzendaritza urgentziaz batzartu da gaur goizean eta erabaki hauek hartu ditu:
1.- Kontseiluaren balorazioa publiko egitea prentsaurreko baten bidez gaur bertan. Agerraldi horretan gaurko operazioa euskalgintzaren kontrako erasotzat hartu da eta une hauetan egoera honi aurre egiteko bidea elkarlanean egin behar dela azpimarratu da.
2.- Ostiral honetan, urriaren 17an, herri guztietan elkarretaratzeak deitzea arratsaldeko 8etan.
3.- Larunbatean, urriaren 18an, arratsaldeko 5etan Donostiako Antiguako auzotik abiatuko den "Gora Euskal Herria Euskalduna. Bai Euskarari" manifestazioa deitzea.
4.- Astelehenean, urriak 20, eguerdiko 12,30etan Egunkariako langile ohiek Donostian hilabetero egiten duten elkarretaratzean parte hartzeko dei egitea.
5.- Asteazken arratsaldean, urriak 22, Martin Ugalde Kultur Parkean "Ateak zabalik" ekitaldi bat egitea arlo sozio-politiko, instituzional eta kulturako eragileekin.
6.- Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari bilerak eskatuko zaizkie egoera baloratzeko eta irtenbideak emateko.
Bazkide guztiei erabaki hauen berri ematen dizuegu lehenbailehen jakinaren gainean egon zaitezten. Zeuen kideei ere jakinaraztea eskatuko genizueke, biharko kontzentrazioak eta larunbateko manifestazioa ahalik eta jendetsuenak izan daitezen.
Erantzunak kargatzen...