Teknologia albisteak

Periodista Digitalek atzera egin du

Erabiltzailearen aurpegia
Aitita Makurra
2003-10-13 : 12:10

Urriaren 7a ezkero Periodista Digital albiste zerbitzuak ez du argitaratu artikulu bat bera ere El País eta El Mundo egunkarietatik hartuta. Googlek, gainera, lehia gogorra egiten dio orain.

Dirudienez, El País eta El Mundo egunkariak kokoteraino zeuden Periodista Digital albiste zerbitzuak kopiatzen zituelako baimenik gabe haiek argitaratutako artikuluak (halakoetan, formula bat erabiltzen zuen: “Duen interesagatik, hona ekartzen dugu halakok argitaratutako artikulua…”.) eta ultimatum bat eman zioten, urriaren 7a, gehiago atera ez zezan beraien artikulurik, auzitara eramateko mehatxupean.

Egunkarien egunkaria

David Rojo kazetari-abokatuak sortu zuen Periodista Digital, egunkarien egunkaria izateko asmoarekin. Egunero hainbat informazio eta iritzi artikulu jasotzen ditu, Espainian argitaratzen diren gaztelaniazko egunkarietatik (edo hauen webguneetatik) hartuta. Kontua da El Mundo eta El País egunkarietatik ere jasotzen zituela, nahiz eta haien edukia ordainpekoa izan, bakarrik harpidedunentzat. Rojok aldarrikatzen zuen eskubidea zuela inoren lana aipatzeko, harik eta egunkari biak gogor jarri ziren arte.

Egia esan, jende askok erabili du zerbitzu hau, hango eta hemengo albisteak musutruk jasotzeko. Aurrera begira, ordea, lehiakide gogorra irten zaio Periodista Digitali: Google News España, non egunero-egunero albiste mordoa aipatzen den, gaztelaniaz egiten diren doako hedabideetatik jasoak. Googlen zerbitzua, gainera, etengabe eguneratzen da egunean zehar, Periodista Digital ez bezala.

David Rojo, susmopean

Azken aldi honetan denen ahotan ibili da David Rojoren izena, batez ere abokatu gisa Tony Alexander King, Sonia Carabantes eta Rocio Wanninkhof neska espainiarren ustezko hiltzaileari barkamen gutun bat aterarazi eta gero, The Sun egunkariari saldu zionetik.

Aurretik ere agertu zen beste eskandalu baten erdian, antza denez berak idatzi baitzion Ana Rosa Quintana kazetariari liburu bat, Sabor a hiel, plagiotzat jo zena bere garaian.

Aurrekari hauek gogoan izanda, Ramon Salaberria kazetariak galdetzen du e-periodistas blogean, Rojok etikaren arabera erabiliko ote dituen Periodista Digitaleko harpidedunek han utzitako datu pertsonalak.

Erantzun

Sartu