Sustatu logoa Teknologia albisteak

Etienne Salaberri, liburu gomendagarri bat bi tomotan

Guretako inork gutxik jakingo du nor zen Etienne Salaberri (1903-1981), Iparraldekoa ez bada edo, bigarren baldintza, bizitza honen udaberria aspaldi atzean utzi ez badu. Aitor dut nik ere antzik ere ez neukala, baina kontsolatu naizela ikustean Pako Sudupek berak ere (alor horretan ezagutza sakona daukanak, hain zuzen ere) ez zuela ezagutzen. Izan ere, kasualitatez aurkitu omen zuen, "Herria" astekaria irakurtzen ari zelarik, Piarres Lafitteren arrastoaren atzetik. Aurkitu, sakonki aztertu, haren inguruko jardunaldi batzuk antolatu eta, oraindik zailago dena, haren gaineko liburu bat argitaratzeko dirua (edo modua) bildu (bi tomotan!!).

Baina nor zen Salaberri hori?

Bi hitzetan esanda, Piarres Lafitteren anaia bikia, haren beso "politikoa", esan dezagun. Hots, apaiza, Filosofia irakaslea Uztaritzeko seminarioan, astero-astero hutsik gabe bi zutabe idazten zituena "Herria"-n, bat euskaraz eta bestea erdaraz, gai sozio-politikoen inguruan. Ez zen abertzalea, hitz horren adiera estriktoan (tira, gaztetan abertzale gogorra izan omen zen, frantses abertzalea erran nahi baita, baina, berak esateaz, II. Mundu Gerra osoa kontzentrazio-esparru batean pasatuta sendatu omen zitzaion "gaitza"), baina bai euskaltzalea ("baskista" esaten hasi dira batzuk, mugaz hegoalderako jende mota bati deitzeko, baina uste dut zerikusi txikia dutela Salaberri bezalakoekin) eta, ororen buru, demokratakristaua eta federalista: hots, Europa federal baten aldekoa, estatuen kontzeptua gaindituz. (bide batez, ez naiz ziur Espainia osoan jende mota horretako dozena erditik gora lagun aurki daitekeenik; agian Frantzian gehiago?).

Oso ondo idazten du

Oso ondo idazten du, euskaraz bederen (frantsesez nola ez naiz gauza esateko). Eta biziki gauza interesgarriak kontatzen ditu, bereziki Frantziako eta Europako historia modernearen ikuspegitik. Kolonialismoaz ere asko eta, hala uste dut, ondo. Ez naiz laburtzen hasiko.

Aipatu ditudan bi tomoak, tamalez, ez dira liburudendetan barra-barra saltzen diren horietakoak. Egia esan, neuk eskatuak ditut nire betiko liburudendan, eta pazientziaz itxaroteko esan didate. Bitartean, lagun batek utzitakoak begiratzen ditut. Lehenengo eta behin, Salaberri beraren 71 artikulu; ondoren Jean Louis Davant eta Pako Suduperen bi saio mamitsu (lehen tomoa) eta, bigarren tomo osoa, Joxe Azurmendiren saio luze bat. Nik saltoka irakurtzen ditut. Aipatzeko iruditzen zait, adibidez, Davantena: lehengo aldiz hasi naiz zerbait aklaratzen Iparraldeko politikagintzaz (Hegoaldekoentzat beti zazpi zigilutako misterioa dena).

EGAN-e argiratua

Liburua (bi tomoak) EGAN aldizkari eta argitaletxeak argitaratu ditu, beste batzuen laguntzaz (KUTXA, EHU eta Euskaltzaleen Biltzarra). Izenburua: "Etienne Salaberry (1903-2003)". Prestatzailea: Pako Sudupe. Maketazioa, diskretoa. Banaketa, beldur naiz desastrosoa izango ote den (ez EGANekoen kulpaz, jakina, arazoa orokorra baita). Prezioa, antzik ere ez.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu