Sustatu logoa Teknologia albisteak

Coetzee Literaturako Nobel sariduna euskaraturik irakurriko dugu

Arrasateko AEDk antolatzen zuen Jokin Zaitegi Itzulpen Lehiaketak, iaztik, taxu berri bat hartu zuen: urtero Literaturako Nobel Saria irabazten duen idazlearen obra bat itzularaziko da hurrengo urterako. Gipuzkoako Kutxak jartzen du itzultzaileari ordaintzeko dirua, AEDk eta Elkarrek antolaketa, eta Elkarrek egingo du edizio-lana. Itzultzailea hautatzea, berriz, lehiaketa bitartez, parte hartu nahi duten guztiei lagin bera euskararazi eta gero.

Iaz Imre Kertész hungariarra izan zen irabazlea, eta itzulpena egiteko saria, berriz, Urtzi Urrutikoetxea gazte bilbotarrak bereganatu zuen. Hungarieraz dakien euskaldunik ez genuen topatu eta alemanetik egin du lan batik bat, ingeles, frantses eta espainolezko bertsioak ere erabiliz. Bere lana, bestalde, Karoly Morvay hizkuntzalari hungariarrak gainbegiratu du, honek bai baitaki euskara puska bat. Itzulpena amaitua dago (izenburua erabaki gabe hala ere), eta azaroan kaleratuko da.

Aurtengo Nobel sariduna badakizue zein den: Coetzee hegoafrikarra. Haren titulu bat aukeratu behar dugu orain, lehenbailehen. Nik bakarra daukat irakurrita, Disgrace, eta beste batzuen aditzea ere badut: Waiting for the Barbarians, haurtzaroaz eta gaztaroaz diharduten bere oroitzapen-liburuak... Ahal beste irakurriko dut egun hauetan, Coetzeerena eta Coetzeeri buruzkoa, dakitenei ere galdetuko diet, baina zuen artean gai honetaz iritzia eta irizpidea duenik balego, gustura asko adituko nioke. Ondotik etorriko da eskubideak eskuratzea, itzultzailea aukeratzeko lehiaketa antolatzea...

Esan gabe doa Zaitegi sariketan parte hartzera gonbidaturik zaudetela interesatuak oro. Aurten gainera errazagoa izango da, Coetzeek ingelesez idazten duenez gero.

Ea denon artean obra eder bat eransten diogun euskal liburutegiari

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu