Harrisberry eta Harrisburg
Laster ehun urte beteko dira Harrisburg herria sortu zela Kalifornian. Hala ere, hasieran Harrisberry izendatzekoa zen, toki hartan urrea aurkitu zuten bi lagunen ohorez, tartean euskaldun bat. Zer gertatu zen, ordea?
1905ean bi urre bilatzailek urrea aurkitu zuten Heriotza Ibarrean, Kalifornian. Bat euskalduna zen, Pete Aguereberry, Maule ondoko herritxo batean jaioa eta hamabost urterekin Ameriketara joan zena. Bestea, Frank Shorty Harris, tabernazale eta berritsu amerikar bat.
Urrea Aguereberryk aurkitu omen zuen, baina bikotea osatzen zutenez, erabaki zuten bien izenean erregistratzea laster meategia izango zena. Erabaki zuten, halaber, han herri bat sortzea, izena izango zuena Harrisberry, bion abizenekin osatua.
Joan zen bada, Shorty Harris enpresa erregistratzera, izan ere Aguereberryk apenas baitzekien ingelesa garai hartan, eta bi gauza egin zituen: mundu guztiari esan berak aurkitu zuela urrea, eta izendatu herria Harrisburg, bere ohorez.
Aguereberry gizon isila omen zen, behargina oso, baina ez zen gai komunikatzeko. Harrisek, berriz, inork baino hobeto zabaltzen zuen informazioa inguruetako taberna, putetxe, kazeta eta banketxeetan. Komunikatzaile petoa.
Ia mende bat igaro eta gero, susmoa dut oraindik ere euskaldunok kamuts samar gabiltzala gure asmoak jakinarazteko orduan, nahiz eta oraingoan ingelesak ez izan errurik.
Pete Aguereberry
Jakin nahi duenak nor zen Pete Aguereberry urre bilatzaile euskalduna, irakur dezake George C. Pipkin-en liburua Pete Aguereberry. Urrea Kalifornian, Xipri Alberbidek euskaratu eta 1999an Harriet argitaletxeak Hazparnen kaleratua. Haren argazkia liburuaren azalean agertzen da (klik egin beherago, Pete Aguereberry.jpg loturan).
Kepa Altonagak ere artikulu bat idatzi zuen Zientzia.net webgunean, eta haren berri ematen du, laburrago noski.
Erantzunak kargatzen...