Teknologia albisteak

Iban del Campo: Internet bidez ere zabal daitezke filmak

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu - Goienkaria eta DV
2003-09-25 : 15:09

Iban del Campo arrasatearrak Donostiako zinemaldiko Sales Office sailean Un tal Eusebi dokumentala aurkeztu du eta dagoeneko jaso du proposamenik hainbat zinema jaialditarako. Harkaitz Canok ere egin dio aipamena eta hori ere ekarri dugu Sustatura.

Iban Del Campok hauxe adierazi dio Goienkariari:

  • Un tal Eusebi izenburua duen ordu erdiko dokumentalak Bartzelonako Gracia auzoko 80 urteko artista bohemiar baten bizimodua kontatzen du. Oso pertsonaia berezia izanik ezaguna da auzoan, eta oso harreman berezia du jende guztiarekin. Poesiak egin eta saltzen ditu, marrazki bereziak egin, baita erretratuak momentuan marraztu ere.

Euskal Herriko zinemagintzaz dio:

  • Ezberdina da kanpotik edo barrutik begiratzea, baina, esaterako, Medem-en dokumentalarekin gertatu dena egoeraren beraren isla da; beraz, zenbait zailtasun daudela garbi dago. Bestalde, ikusten dudanez, hainbat gazte euskaldunek egindako film laburrek sariak jaso dituzte zinema jaialdietan: Asier Altunaren Topeka eta Koldo Almandozen Belarra lanek, esaterako. Beraz, arrakasta dutela eta lan interesgarriak egiten dihardutela dirudi.

Telebistek erosi eta hedatzea aukera bat da, baina Ibanek ez ditu beste aukera batzuk baztertzen, tartean Internetekoa:

  • Internet bidez ere zabal daitezke dokumentalak, baina modu hori ez da sarri erabiltzen. Esate baterako, guk dokumental hau ezagutzera emateko Bartzelonako Gracia auzoko Verdi zinemetan egin nahi dugu aurkezpena, auzokoek ikus dezaten. Bestalde, webgune bat prestatzen ari gara pertsonaia berezi horri buruz berba egiteko eta, bide batez, dokumentala ezagutzera emateko. Webgune horren helbidea www.untaleusebi.com izango da.

Goienkariak eginiko elkarrizketak eman du gehiagorako ere eta bihar bertan argitaratuko dugu elkarrizketa osoa Sustatun.

Harkaitz Canok Iban del Camporen gainean

Harkaitz Canori Diario Vascon irakurri ahal izan diogu hauxe, Iban del Camporekin lotura. Euskal zinemagintzaren gakoak aipatzen dituelakoan hona ekarri dugu:

Zinemaldiak baditu bere katakunbak. Kursaaleko prentsa aretora jaitsiz gero, bulego barreiatuak topatzen ditugu. Hor dago Sales Office saila, filmak salerosi eta jendea harremanetan jartzeko asmoa duena. Iban del Campo Uribarrena zinemagile arrasatearrari esker ezagutu nituen katakunba hauek: Un tal Eusebi dokumentala aurkezten zuen, Bartzelonako laurogei urteko kale artista bati buruz errodatutako lan ederra. Bostetan zen hitzordua, sala ttiki batean. Apenas bildu ginen dozena erdi lagun: antolatzaileak, Iban, lorik ez hartzeko Red Bull edaten zuen gizon susmagarri bat, alkandora hawaiarrez jantzitako ilehoria eta berandu sartu zen beste bat... Emanaldiaren ondoren, alkandora hawaiarrez jantzitakoa eta berandu sartu zen beltzarana inguratu zitzaizkion Ibani. Ilehoria, Danimarkako jaialdi bateko hautaketa taldekoa zen eta dokumentala hara eraman nahi zuen. Berandu sartu zena berriz, iraniarra bera, Chicagoko zine latinoamerikar jaialdiko antolatzailea zen. Hau ere interesatuta omen zegoen. Film ehiztariak ziren nonbait, espia birziklatuak. Ibanek, iraniarrari zinta bat eraman nahi ote zuen galdegin zionean, mesedez postaz igortzeko eskatu zion honek. Bere ekipaian ez zuen lekurik. Leporaino beteta omen zihoan. «Patxaran botila batzuk hartu ditut, lagunei oparitzeko...», bota zigun irribarrez.

Izan ere, zertan euskal zinea egiten saiatu, euskal likoreekin ikuslegoaren begiak distirarazi ditzakegunean?

Erantzun

Sartu