Sustatu logoa Teknologia albisteak

'Argia'-ko Estitxu eta Ixiar Eizagirre, 'Rikardo Arregi'-ko saridun nagusiak

Argia aldizkarian 2002ko ekainetik 2003ko maiatzera kaleratutako elkarrizketa sortagatik, Estitxu eta Ixiar Eizagirre kazetari hernaniarrek irabazi dute XV. Rikardo Arregi kazetaritza sariko lehen saria.

Eguna, Egunkaria eta Egunero aldizkariak; Goienkaria Debagoieneko astekaria; eta Euskadi Irratiko kazetariak izan ziren beste sarituak.

Ekitaldia joan den zapatuan izan zen, ekainak 28, Andoaingo udaletxean. Estitxu eta Ixiar Eizagirrek Argia aldizkarirako egindako elkarrizketa sortak merezi zuen XV. Rikardo Arregi kazetaritza sariaren errekonozimendu gorena. Hala erabaki zuen Jose Antonio Pérez Gabarain, Jose Inazio Basterretxea, Allande Boutin, Mikel Irizar, Laura Mintegi eta Koldo Ordozgoitik osatutako epaimahaiak.

Kalitate handiko elkarrizketak direla nabarmendu zuen epaimahaiak; eta gaineratu zuen, bertan ez dela pertsonaiaren azaleko azterketa soila egiten, baizik eta elkarrizketa ikuspuntu sakon batetik bideratzen dute, pertsonaia bera aberastuz. Dokumentazio lana, lan grafikoa eta, kasu batzuetan, itzulpen lana ere txalotu zituen epaimahaiak.

Euren berbaldi laburrean, Eizagirre ahizpek salatu zuten euskarazko nazio prentsaren egoera, besteak beste.

Bi salbuespen

Ezohiko bi sari edo aipamen banatu dira aurten. Alde batetik, Ohorezko Aipamena, Eguna, Egunero eta Egunkaria argitalpenei, hain zuzen. Errekonozimendu horren helburua zen historian zehar euskara hutsean kaleratu diren egunkariei eta hauen bitartez egunkari hauek sortzeko kemena eta gaitasuna izan duen euskal gizarte osoari eskerrak ematea. Hiru egunkariok Berria jaio arte egin duten lana nabarmendu zuen epaimahaiak. Agustin Zubikarairen alaba Edurnek, 'Eguna'-ren izenean; Joan Mari Torrealdaik, 'Egunkaria'-renean; eta Eneko Bidegainek, 'Egunero'-renean, jaso zuten saria.

Bigarren salbuespena izan zen Aipamen Berezi bat. Goienkaria Debagoieneko astekariak urtarrilean argitaratutako Billy Petersen C.S.I. telesaileko aktoreari Leire Kortabarria kazetariak egindako elkarrizketa nabarmendu zuen epaimahaiak aipamen horrekin. Honako alderdiak aipatu zituen epaimahaiak: pil-pilean zegoen telesail bateko izar atzerritar batek Euskal Herriarekin izan dituen hartu emanak aurkitu izana eta dokumentazio lan sakon batekin osatu izana. Berriak erdal hedabideetan izan duen oihartzuna ere nabarmendu zen.

Kazetari Berria

Aurten, Kazetari Berriaren sarirako inoiz baino lan gehiago aurkeztu direla adierazi ondoren, gehienez 25 urte dituzten kazetariendako saria banatu zen Andoainen. Amets Arzallus kazetari eta bertsolariari egokitu zitzaion saria, Euskadi Irratiko Goizean Behin saioan 2002ko ekainetik 2003ko maiatzera bitartean egindako kolaborazioengatik. Irratira ondo egokitutako lan txukunak, gai aberatsak eta gaurkotasun handikoak eta teknika zaila izatea azpimarratu zituen epaimahaiak, besteak beste, Arzallusen lana aukeratzeko orduan kontuan hartutakoen irizpideen artean.

Datorren urtetik aurrera, Kazetari Berriaren sarira aurkeztu ahal izateko adin muga 27 urtera igo dute antolatzaileek.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu