Teknologia albisteak
2

Eusko Ikaskuntzak Konstituzio Europarra garatu du

Erabiltzailearen aurpegia
sustatu - sustatu
2003-06-27 : 09:06

Europako Batasunak egindako deialdiari erantzunez, Eusko Ikaskuntzak Konstituzio Europarra landu du. Bertan, Europako etorkizunari begira, legitimitatezko iturri hirukoitzean oinarritutako modelu federalista bat proposatzen du: hiritartasuna, eskualdeak eta estatua.

Aurkezpen publikoa

Maiatzaren 28an aurkeztu zen Eusko Ikaskuntzak Federazio Europar batentzako egindako konstituzio-proiektua. Aurreko hilabeteetan zehar, Zuzenbide Sailak sustatutako barne eztabaida garatu zuten. Eusko Ikaskuntzako Batzorde Akademikoak onartu ostean argitaratu da.

Aurkezpena Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzaren egoitzan egin zen. Bertan, Juan Jose Ibarretxe Lehendakaria, Javier Retegi, Eusko Ikaskuntzako lehendakaria, Joxerramon Bengoetxea, Luxemburgoko Europako Justizia Auzitegiko letradua, eta Jose Manuel Castells, Administrazio-Zuzenbideko Katedraduna, izan ziren, besteak beste.

Eusko Ikaskuntzako ordezkariek Ibarretxeri idatziaren ezaugarriak azaldu zizkioten, baita datozen hilabeteetako jarduera-plana ere. Jarraian, Juan Mª Atutxari, Eusko Legebiltzarreko lehendakariari, konstituzioaren ale bat eman zioten. Hurrengo egunean, Sixto Jimenezek, Eusko Ikaskuntzaren Nafarroako lehendakariordeak, beste ale bat eman zion Jose Luis Castejoni, Nafarroako Parlamentuko lehendakariari.

Legitimitate hirukoitza duen federalismoa

Eusko Ikaskuntzak landutako Konstituzio Europarrak, Europar Batasunak europarako egitura berria eraikitzeko prozesuan parte hartzeko herritarrei eta erakundeei helarazitako deialdiari erantzuten dio.

Ehun punturekin osatutako testuak legitimitatezko iturri hirukoitzean oinarritutako modelu federalista bat proposatzen du: hiritartasuna, eskualdeak eta estatuak, bakoitza bere ordezkarien Ganberarekin. Aldi berean, Europako Parlamentuaren eta Batzordearen berrindartzearen aldeko apostua egiten da.

Hauek dira testuak dakartzan berritasun batzuk:

  • Oinarrizko Eskubideen Gutuna Konstituzioko artikulu bezala ageri da.
  • Hiritar europar orok, bizi den Estatu kidean, estatu eta autonomi mailako hauteskundeetan bozkatzeko eskubidea dute.

Aurrera begira

Eusko Ikaskuntzak ekimenean lanean jarraitzeko asmoa dauka. Topaguneak eta foroak antolatuko dituzte, gizarte zibila Europaren etorkizunean berebiziko garrantzia duen gai honen inguruan murgiltzeko.

Interesatuek testua eskuratu dezake euskaraz "pdf" formatuan.

Erantzunak

Kike
2003-06-27 : 12:21

> Europako Batasunak egindako deialdiari erantzunez, Eusko Ikaskuntzak Konstituzio Europarra landu du.



aibadios! Eta euskaraz gainera. Nik uste nuen Valery Giscard d'Estaing eta konbentzio batek landu zutela konstituzio hori.



Ez da izango akaso beste konstituzio zirriborro bat landu dutela?

TrikiL
2003-06-27 : 21:07

Txostena gainetik besterik ez dut irakurri, baina badirudi gaur egun gertatzen den antzera, etorkizun hurbilean ere Estatuek izango dutela zer esan handiena Europan. Zein aukera gelditzen zaie gurea bezalako herrialdeei?

Erantzun

Sartu